Gakoak

Giza katea, bost gakotan laburbildua

Beste behin ere, jarritako helburua lortu du Gure Esku Dago-k: Herritarron Ituna, erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren argudioak biltzen dituena, legebiltzarreraino eramatea, eskuz esku berrehundik gora kilometro eginez.

Giza katea Gasteizko sarreran. /
Giza katea Gasteizko sarreran. / Juanan Ruiz/FOKU

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko ekainak 10

Erabakitzeko eskubidearen aldarria gero eta zabalagoa dela erakutsi du Gure Esku Dago-k. 100.000tik gora izan dira oraingoan haren deiari erantzun eta errepide bazterretan, hondartza inguruetan edota hiri eta herrietako espaloietan elkarri eskuak lotu dizkiotenak.

-Zenbakiak. 100.000 lagun batzea zen helburua, eta haiekin EAEko hiru hiriburuak katez lotzea. Ordea, bezperan plataformak berak jakinarazi zuen dagoeneko lortua zuela helburua, baina, aldi berean, ateak zabalik utzi zituen beste inork izena eman nahi bazuen ere. Hala, 175.000ra heldu dira. Horietatik gehienak herriz herri antolatutako autobusetan joan dira zegozkien kilometroetara.

Denera mila ibilgailu inguru arduratu dira lan horretaz; ordea, zenbaitek bidaia bat baino gehiago egin behar izan ditu. Bestalde, 5.000 boluntario inguru aritu dira kilometroak prestatu eta jendeari laguntzen.

-Mezua. Jaia aldarrikapen bihurtzea ez ezik, erabakitzeko eskubidearen aldeko Herritarron Ituna legebiltzarreraino eramatea ere bazen helburua. Donostiako lehen katebegiak, Paulo Muñoak, eman dio Ituna aldamenekoari, eta, hala, eskuz esku eta sinbolikoki eraman dute Gasteizeraino.

Jone Amonarrizek eta Angel Oiarbide bozeramaileek berretsi dute datorren urtea giltzarria izango dela: "Herri bezala dugun gaitasun kolektiboa erakusten ari gara kalean. Aldarri horien guztien muinean erabakimenaren auzia dago. Bertan, Euskal Herrian, erabakitzeko beharrak elkartzen gaitu".

Horretarako, "elkarlana zabaldu eta sakontzeari" ekingo dio datozen hilabeteetan Gure Esku Dago-k, eta helburu horrekin eragile sozial, politiko eta kulturalen babesa bilatuko du erakundeak. "Estatus politikoaz erabakitzeko  eskubidea gauzatzeko formula denon artean bilatu, eztabaidatu eta adostu behar dugu, modu libre eta demokratikoan".

-Kilometro bereziak. Aldarrikapen eguna izan da ekainaren 10a, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna. Baina ez hori bakarrik, baita beste auzi eta gatazka batzuk gogora ekartzekoa ere. Helburu horrekin, kilometro bereziak osatu dituzte: Feministena, pentsiodunena, Altsasuko gazteena edota Kataluniarena. Azken horretan izan dira, besteak beste, ANCko buru Elisenda Paluzie, CUPeko Mireia Boya edota Junts Per Catalunyako Aurora Madaula.

Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko harreman estua nabarmendu du Madaulak: "Garrantzitsua da autodeterminazio eskubidea elkarrekin eta modu baketsu eta demokratikoan aldarrikatu ahal izatea". Horrekin batera, giza katearen gisako mobilizazioen garrantzia eta beharra nabarmendu du Boyak, "mugitu nahi ez duten estatuen aurrean".

-Euskal ordezkaritza. Hainbat  alderditako legebiltzarkide eta ordezkari politiko ugari ikusi ahal izan dira giza katean; batzuek aurrez iragarria zuten parte hartzeko asmoa: Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, esaterako. Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentariak, hala, "begiak ez ixteko" eskatu die erakunde eta instituzioei.

Aurrera egingo den itxaropena agertu du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak ere: "Uste dugun baina gauza gehiago lor ditzakegu". Ordezkari politikoek ez ezik, katean parte hartu dute sindikatuetako kideek ere. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabaki ahal izatea.

-Kritikak. Ekinaldia ez da, hala ere, denen gustukoa izan, eta are gutxiago alderdiek bertan parte hartu izana. PSE-EEko antolakuntza idazkariak, Miguel Angel Moralesek, kritikatu egin du instituzioetako ordezkarien presentzia, "ez da dagokien rola". Moralesen esanetan, gainera, "independentziaren aldekoak gutxitu" egin dira azken urteetan. "Badaude subiranistak Euskadin, baina ez du zerikusirik Katalunian bizi duten konfrontazio giroarekin".

PPk, berriz, "gizarte haustura hauspotzea" egotzi die jeltzaleei, eta euren interesak "herritarren beharren aurretik" jartzea leporatu die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna