Erreakzioak

EAJk eta EH Bilduk giza katean ere bat egin dute

Ortuzarrek adierazi du kaleko aldarrikapenak isla izan behar duela erakundeetan. Iriartek arduradun politikoei eskatu die "ez ditzatela begiak itxi" mobilizazioaren aurrean. PSEk kritikatu egin du erakundeetako ordezkariek giza katean parte hartu izana, eta PPk "gizarte haustura" sustatzea leporatu dio EAJri. Elkarrekin Podemosek ez du inolako adierazpenik egin.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itxaso Atutxa EAJko Bizkaiko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJko presidentea, gaur, Bilboko kale nagusian, Gure Esku Dagoren giza katean. /
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itxaso Atutxa EAJko Bizkaiko presidentea eta Andoni Ortuzar EAJko presidentea, gaur, Bilboko kale nagusian, Gure Esku Dagoren giza katean. /

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 10

Erabakitzeko eskubidearen inguruan hainbat adostasun lortzen hasiak dira EAJ eta EH Bildu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. Bi alderdi abertzaleen aldeko botoekin onartu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzako estatutu berri baten hitzaurre eta atariko titulu proposamenak. Bi atal horietan jaso zuten erabakitzeko eskubidearen aitortza. Legebiltzarretik kanpo, EAJk eta EH Bilduk bat egin dute kalean ere, Gure Esku Dago-k deitutako giza katean. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak adierazi du kaleko aldarriak isla izan behar duela erakundeetan. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak arduradun politiko guztiei galdegin die "ez ditzatela begiak itxi" mobilizazio jendetsuaren aurrean.

Erabakitze eskubidearen aldeko mezua Eusko Legebiltzarraren atariraino eraman du Gure Esku Dago-k; Donostia, Bilbo eta Gasteiz giza katean lotu dituzten 175.000 lagunen indarraz iritsi da Herritarron ituna legebiltzarrera. Handik gertu parte hartu du, hain zuzen, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak, Gure Esku Dago-ren giza katean. Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin batera izan da Andre Maria Zuriaren plazan. Tejeriaren esanetan, mobilizazioak erakutsi du "bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duen herri bat badela".

Urtaranek ere esan du "euskal herriak bere etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko eskubidea" duela. Gogorarazi duenez, EAJk "beti" defendatu du eskubide hori. Nabarmendu dunez, erabakitzeko eskubidea herri guztiei onartzen die NBEk Eskubide Ekonomiko, Kultural eta Sozialen Nazioarteko Itunaren lehen artikuluan.

Bilbon ere izan dira EAJko zuzendaritzako hainbat kide. Horien artean, Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Itxaso Atutxa alderdi jeltzaleko Bizkaiko presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea.

Ortuzarrek adierazi du herritarrek kalera eraman duten erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak isla izan beharko lukeela erakundeetan.

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak, berriz, ziurtatu du euskal gizarteak gaitasuna duela erronkei aurre egiteko. Donostian. "Elkar harturik, irudikatzen dugun baino askoz ere gauza gehiago lor ditzakegu". Egibarren iritziz, giza katea "autoestimu ariketa bat ere bada", erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio bat izateaz gain. "Etorkizuna guztiona da, eta irabazi egin behar dugu era inklusiboan".

Egibarrekin batera izan da Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako Antigua auzoan. Pozik agertu da Olano, milaka euskal herritar batu direlako erabakitzeko eskubidearen alde.

Donostian bertan, giza katean parte hartu du Eneko Goia hiriko alkateak, Miren Azkarate eta Jon Insausti zinegotziek lagunduta. Giza katea "era zibikoan eginiko aldarri demokratikoa" da, haren hitzetan. "Hori da bidea", gaineratu du. "Bat egiten dut erabakitzeko eskubidea dugunaren leloarekin eta aldarriarekin. Uste dut hori adierazteko eta jendea dagokigun eskubide hori aldarrikatzera animatzeko modu bat dela".

Giza kateak 175.000 herritar mobilizatu izanari arrakastatsu iritzi dio EH Bilduk, eta halako mobilizazio bati entzungor ez egiteko eskatu die Maddalen Iriarte koalizioko legebiltzarkideak ordezkari politiko guztiei. "Ez ditzatela begiak itxi gaur kalera irten diren milaka euskal herritarren aurrean".

Miren Larrion eta Jasone Agirre legebiltzarkideekin eta Arabako hainbat hautetsirekin batera parte hartu du Iriartek giza katean, Gasteizen.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, berriz, Elgoibarren (Gipuzkoa) izan da. Otegik adierazi du "mezu argia" eman diela mobilizazioak "nazioarteari, Europako Batasunari eta, batez ere, estatu frantses eta espainiarrari. Nazio zahar honek bere etorkizun politikoa era aske eta demokratikoan erabaki nahi du". Otegik adierazi du mobilizazioari babesa eman diotela ezkerreko independentistek ez ezik ezkerrekoak ez diren independentistek ere, baita independentistak izan ez arren herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenek ere.

PSEk, berriz, kritikatu egin du erakunde publikoetako hainbat kargudunek Gure Esku Dago-ren giza katean parte hartu izana. Miguel Angel Morales PSEko Antolakuntza idazkariaren iritziz, ez dagokie halako protestekin bat egitea. "Guztion bizitza hobetzeko aldarrikapenak babestu behar dituzte, eta ez alde bateko mobilizazioak".

Moralesek gaineratu du euskal herritarren gehiengoa ez dagoela Euskal Herriaren independentziaren edo "Kataluniakoaren gisako jokaleku baten" alde. Agintari politikoak deitu ditu "garapen ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta desberdintasunaren kontrako borroka ardatz izango duen Euskadi" eraikitzera.

PPk ere salatu egin du erakundeetako hainbat ordezkariren parte hartzea. Zehazki, gaitzetsi du Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako alkateek giza katearekin bat egin izana. Kargudun horiek beren "interes ideologikoak" lehenetsi dituzte herritarren interesen gainetik, PPren esanetan.

Horrez gain, "gizarte haustura" sustatzea leporatu dio EAJri, erabakitzeko eskubidearen alde agertzeagatik. Alderdi popularraren esanetan, EAJk "etorkizunik gabeko" Gure Esku Dago "suspertu" du, "merezi ez duen autoritatea" aitortuta.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak erabakitzeko eskubidearen beharraz ohartarazi du, "jendartearen gehiengoarentzat ongizatea eta bizitza duina bermatu" ahal izateko. "Hemen erabaki nahi ditugu lan harremanak, babes soziala, sistema matxista honi aurre egingo dion sistema parekide bat eta gure pentsioak". Aranburuk adierazi du burujabetzan sakontzea demokrazian sakontzea dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna