Bilbo

Bilboko kaleak ere hartu ditu erabakimenak

Bizkaiko hiriburuan erabakitzeko eskubidearen alde egin dute milaka herritarrek; 122. kilometroan, Plaza Eliptikoan, Kataluniako hainbat ordezkari politikok eta gizarte erakundeetako kidek hartu dute parte, euskal herritar ugarirekin batera.

Giza katea, Bilboko udaltxearen aurrean
Giza katea, Bilboko udaltxearen aurrean Luis Jauregialtzo / Foku

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 10

Bilbon ere, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea arrakastaz egin dute, parte hartze handiarekin eta giro onean —beroagoa auzoetan erdigunean baino—. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dema gune urbanoetan jokatzen dela jakitun, hiriburuak ere zeharkatzeko apustua egin zuten antolatzaileek ibilbidea diseinatu zutenean. Bilbon, behintzat, bete-betean asmatu dute: giza kateak lorratza utzi du Bizkaiko hiriburuan, eta milaka herritarrek egin dute bat mobilizazioarekin, are gehiago kontuan hartuta bilbotar ugarik Euskal Herriko geografiako beste puntu batzuetan zutela zegokien kilometroa bete beharra.

Kataluniako herriari adierazitako elkartasuna izan da aldarri nagusia: antolatzaileek 122. kilometroa gordea zuten horretarako, Plaza Eliptikoan, eta han batu dira Kataluniatik etorritako ordezkari politiko eta gizarte erakundeetakoak, baina Kataluniako banderak eta preso katalanen aldeko ikurrak giza kateak Bilbon egin duen ibilbide ia osoan egon dira.

Aurora Madaula (JxCat-eko diputatua). Mireia Boya (CUPeko Nazio Idazkaritzako kidea), Elisenda Paluzie (ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea) eta Ignasi Termes (Omnium Cultural) egon dira elkartasun kilometroan. Denek eskertu dute giza katean parte hartzeko gonbidapena eta Euskal Herritik iristen zaien elkartasuna; Termesek nabarmendu du elkartasun hori "norabide bikoa" dela: "Espainiako Estatuaren atzerakada antidemokratikoaren aurrean, elkartasunak inoiz baino trinkoagoa eta indartsua izan behar du", esan du. ANCko Paluziek ere bat egin du euskal herritarren erabakitzeko nahiarekin, eta erantsi du gustatuko litzaiokeela Euskal Herriak eta Kataluniak "modu koordinatuan batera aritzeko" modua aurkitzea.

Madaulak esan du Bilbon ikusitakoak duela bost urte Via Catalana izeneko mobilizazioan bizi izandakoa ekartzen ziola gogora. "Herri guztiek dute autodeterminazio eskubidea, eta eskubide hori gauzatzeko aukera izan behar dute", azaldu du. "Bat gatoz Euskal Herriko borroka politikoarekin, borroka hori, geurea bezala, demokratikoa, zibikoa eta baketsua baita". Boyak ere, Euskal Herriari elkartasuna adierazteaz gain, esan du "herri mobilizazioa" dela garrantzitsuena "gurekin edo euskal herritarrekin hitz egiteko prest ez dagoen estatu baten aurrean".

Suzirien deia

Suziriek ezarri dute 12:00etan mobilizazioari hasiera emateko tenorea. Orduan elkartu dituzte eskuak eta giza katea osatu dute mobilizazioan parte hartzen ari zirenek. Txarangek eta parte hartzaileen kantuek girotu dute giza katea. Igande eguerdia izaki, ez da jende askorik ibili Kale Nagusian ordu horretan; batez ere, mobilizazioaren zergatiaz galdetzen zuten turistak izan dira. Mugimendu handiagoa egon da Areatza inguruetan —Liburu Azoka egiten ari zen han—, Bilbo Zaharrean, Santutxun eta, oro har, giza kateak zeharkatu dituen auzoetan.

Plaza Zirkularrean Bilboko alkate Juan Maria Aburto egon da, eta, harekin batera, EAJren burukide ugari, haien artean Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Itxaso Atutxa BBBkoa. Ortuzarrek nabarmendu du giza katearena "gizarteak" bultzatutako ekitaldia izan dela, eta herritarren aldarri horrek "instituzioetan ere" izan behar duela isla.

Bilboko beste leku batzuetan, EH Bilduko hautetsi Oskar Matute eta Jone Goirizelaia, La Basu eta Aneguria rap kantariak -beraiek jarri dizkiote ahotsak aurtengo giza katearen abestiari- eta beste hainbat herritar, ezagunak zein ezezagunak, egon dira giza kateak Bilbon izan dituen hamahiru kilometroetan.

San Frantziskon eta Bilbo Zaharrean, esaterako, kultura eta jatorri askotariko bilbotarrek parte hartu dute mobilizazioan, Kurdistan, Palestina Sahara eta beste herrialde batzuetako ikurrekin. Deustua eta Abandoibarra inguruetan, errekaren alde biak lotzen dituzten zubiak zeharkatu ditu erabakimenaren aldeko giza kateak. Bilboko udaletxearen aurrean, berriz, erraldoiek are ikusgarriago egin dute mobilizazioa.

Beste elkarte eta erakunde batzuek sare sozialak erabili dituzte giza kateari sostengua adierazteko: hori izan da, esaterako, Athletic-en kasua.

12:30ean bukatu da giza katea, eta, hasieran bezala, suziriek iragarri dute amaiera ere. Ostean, Zazpikaleetara jo dute parte hartzaile gehienek, eta han jarraitu du festak arratsalde osoan, ipuin kontalari, umeentzako ikuskizun, Niko Etxart eta Rafa Rueda musikarien emanaldi eta beste zenbait ekitaldirekin.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna