Musika

Nazioarteko bira egingo du EOSek abenduan

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular kontratua 2021-2022ko denboraldiraino luzatu du Robert Treviñok.

Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Robert Treviño, Donostian, EOSen egoitza atarian.
Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Robert Treviño, Donostian, EOSen egoitza atarian. Jon Urbe / Foku

Ainhoa Sarasola -

2018ko ekainak 11

Nazioarteko proiekzioari begira nahiz bere proiektua sendotzeari begira, bi albiste "garrantzitsu" eman berri ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Batetik, abenduan nazioarteko bira bat egingo duela jakinarazi du, eta, bestetik, egun orkestraren zuzendari titularra den Robert Treviñok gutxienez 2022ra arte jarraituko duela orkestra gidatzen.

Treviñok berak, Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eman dute albisteen berri.

Austriara eta Alemaniara joango dira EOSeko kideak abenduan, hiru kontzertu ematera. Austriako Linz eta Bregenz hirietan, eta Alemaniako Munich hirian izango da EOS, "Europaren eta musikaren bihotzean" arduradunen hitzetan, abenduaren 4tik 8ra. Hiru emanaldietan, Mahlerren Laugarren sinfonia interpretatuko dute kontzertuaren bigarren zatian; lehen zatiak, berriz, desberdinak izango dira aldi bakoitzean. Edonola ere, Austriako kontzertuak euskal konpositoreen lanekin irekiko dituztela azaldu dute: Aita Donostiaren Meditazioa obrarekin Linzekoa, eta Pablo Sorozabalen Zazpi Lieder (Hautaketa)-rekin Bregenzekoa. Mojca Erdmann soprano alemaniarra eta Vadim Gluzman biolin jotzaile ukrainarra orkestrarekin batera ariko dira birako kontzertuetan, bakarlari gonbidatu gisa.

Robert Treviñok gidatuko du orkestra nazioarteko biran, eta baita, gutxienez, 2021-2022ko denboraldira bitarteko kontzertuetan ere. Hain zuzen, denboraldi bat amaitzear da Treviño EOSeko zuzendari titular gisa, eta beste bi denboralditarako kontratua zuen. Baina orain arteko ibilbidearen balorazio positiboa egin dute bai orkestraren arduradunek bai zuzendari estatubatuarrak, eta kontratua gutxienez 2022ra bitarte luzatzea erabaki dute bi aldeek.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna