euskal presoak

Foro Sozialak uste du Espainiako gobernu aldaketak "itxaropenerako leiho bat" ireki duela

Espetxe politika berri baten aldeko jardunaldiak egingo dituzte hilaren 14an eta 20an, Iruñean.

Foro Sozialeko kideak, gaur, Iruñean.
2018ko ekainaren 11
13:11
Entzun

"ETAren desagerpenak aro berri bat ekarri du, eta Madrilgo Gobernuaren aldaketak itxaropenerako leiho bat ireki du. Gure iritziz, bi faktore horiek espetxe politikaren egokitzapena ahalbidetu beharko lukete". Hala esan dute, Foro Sozial Iraunkorraren izenean, Expe Iriartek eta Fernando Armendarizek, Iruñean, Espetxe politika berri bat aro berrirako jardunaldien aurkezpenean. "Foro Sozialean uste dugu Nafarroako gehiengo politiko, sindikal eta soziala bat datorrela gogoeta horrekin".

Foro Sozialaren arabera, euskal presoen auziaren "konponbidea ezinbestean lotuko zaio eragindako minaren aitortzari eta biktimen erreparazio dinamikari". Horretarako guztirako, funtsezko ikusten du "gehiengo" instituzional, politiko, sindikal eta sozialak eratzea, bai Nafarroan, bai EAEn –Ipar Euskal Herrian Bake Bidea ari da lanean—. Denean "helmuga" berera heldu nahi du: preso edo iheslaririk gabeko gizarte batera.

Bi saio egingo dituzte, biak Iruñean: hilaren 14an eta 20an. Ostegun honetakoan, gizarte zibileko zenbait lagunek hartuko dute parte: Francisco Javier Enerizek (Nafarroako arartekoa), Libertad Francesek (abokatua eta Salhaketako kidea), Patxi Zabaletak (abokatua eta politikari ohia), Mikel Armendarizek (abokatua) eta Adriana Goikoetxeak (Amnesty International erakundeko Nafarroako koordinatzailea). Datorren asterako, berriz, kartzela politika aldatzearen alde agertu diren alderdi politikoak gonbidatu ditu foroak: Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Ahal Dugu eta Ezkerra. Hezitzaile Eskolan izango dira, (Ezpeleta jauregian), 19:00etatik aurrera. Sare eta Etxerat ere badira antolatzaile.

Foro Sozialak bost ardatz ezarriak ditu kartzela arloan aldaketa ematen hasteko: larri dauden presoak askatzea, urrunketa politika amaitzea, gradua aldatzea, zigorrak pilatzea eta eskumenak lortzea —espetxeetakoa eta espetxe zaintzako epaileena—. "Konponbiderako premiazko agenda" da hori, haren esanetan, eta horretan "sakonduko" dute Iruñeko mahai inguruetan. "Ez dugu inolako kontraprestazio eta pribilegio estrategiarik defendatzen, soilik legedia arrunta aplikatzea baizik", adierazi dute Iriartek eta Armendarizek, prentsaurrekoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.