Diru politika

Diru subiranoaren esklusibotasunaren aurka bozkatu du Suitzak

Diru sorrera bakarrik Suitzako Banku Nazionalaren esku geratzearen aurkakoek botoen %75 lortu dituzte galdeketan.

Banku pribatuetako arduradunak gura daude galdeketaren emaitzarekin.
Banku pribatuetako arduradunak gura daude galdeketaren emaitzarekin. SALVATORE DI NOLFI / EFE

Xabier Martin -

2018ko ekainak 11

Diru burujabea bai ala ez. Horixe bozkatu dute erreferendumean suitzarrek, eta ezekoa atera da. Diruaren sorrera soilik banku zentralaren esku utzi nahi zuten galdeketaren sustatzaileek; alegia, diru sistema aldatu nahi zuten. Baina Suitzako herritar gehienek, %75ek, ezekoa eman diote proposamenari.

Diru subiranoa zer den ulertzeko, ezinbestekoa da jakitea, lehenik eta behin, nola sortzen den dirua. Suitzako MoMo (Dirua Modernizatu, ingelesezko sigletan) gobernuz kanpoko erakundeak argi azaldu du egunotan. Banku zentralak jaulkitzen ditu billeteak eta txanponak, baina herritarrek eta enpresek bankuetan dauzkaten kontuetan ageri den dirua, diru digitala, banku komertzialek sortzen dute. Horrela, zirkulazioan dabilen diruaren %10 da banku zentralak sortutakoa, eta %90 inguru banku komertzialek sortutakoa. Suitzan eta eurogunean antzekoak dira proportzioak.

Bankuek ematen duten kredituaren eta diruaren sorreraren arteko lotura apurtu nahi du MoMok, baina oso erantzun urria jaso du atzoko galdeketan. Ekimenaren sustatzaileek nahi zuten bankuek kredituak ematen jarraitzea, baina dirua sortu barik. Norbaiti dirua maileguan emateko, bankuak, aurretik, beste norbaiti eskatu beharko dio kopuru bera. Horrela, diruaren sorrera %100 publikoa izango litzateke —%90 pribatua da orain—, estatuak sortuko lukeelako, banku zentralaren bidez. Horixe litzateke, hain zuzen, diru subiranoa.

Ekimenak aurkari asko ditu Suitzan, eta erreferendumaren emaitzak argi asko utzi du: bankuen herrialdean, aldaketaren kontra daude bankuak, patronala eta baita parlamentua ere. Hona hemen auziaren nondik norakoak Ekonominutua-n:

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna