AEB - Ipar Korea

Desnuklearizazioarekin konprometitu da Ipar Korea, eta "segurtasun bermeak" eskaini dizkiote AEBek

Donald Trump AEBetako presidentea eta Kim Jong-un Ipar Koreakoa Singapurren bildu dira. Bi herrialdeen arteko lehen bilera izan da. Adierazpen bateratu bat sinatu dute, penintsula korearraren desnuklearizazioari bultzada emateko. Urteetako etsaitasun harremanaren ostean, loreak bota dizkiote elkarri bi agintariek.

Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea eta Donald Trump AEBetako presidentea, elkarri bostekoa ematen, gaur egin duten bileran. /
Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea eta Donald Trump AEBetako presidentea, elkarri bostekoa ematen, gaur egin duten bileran. / Kevin Lim

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 12

"Harreman oso berezia lortzen ari gara". Trumpen hitzak dira, Kim Jong-unekin dokumentu adostu bat sinatu ostean. Duela zeinbait hilabete gerra mehatxuak trukatzen zituzten agintariak elkarrekiko adeitsu agertu dira gaur, Ipar Koreako eta AEBetako buruak lehenengoz bildu diren egunean. Trumpek azaldu duenez, "akordio zabala" sinatu dute. Kim Jong-unek "akordio historikoa" dela adierazi du. "Mundua aldaketa handi baten lekuko izango da", ziurtatu du.

Iragarritako akordio horrek bi ardatz biltzen ditu, finean. Batetik, penintsula korearraren "erabateko desnuklearizazioa" bultzatera konprometitu da Ipar Korea, eta, bestetik, Kim Jong-unen erregimenari "segurtasun bermeak" emango dizkiote AEBek. Horrez gain, bi herrialdeen artean "harreman berria" ezarriko dutela jaso dute adierazpenean, "bi herrialdeen bake eta oparotasun nahiei jarraiki".

Akordioak Koreako gerrari (1950-1953) ere egin dio erreferentzia. Bi herrialdeek konpromisoa hartu dute gerra presoen eta gudan desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanetan elkarlanean aritzeko.

Arma nuklearrak Koreatik desagerrarazteko prozesua "oso azkar" joango dela adierazi du Trumpek. "Inork pentsa zezakeena baino hobe" joan da bilera, haren esanetan. "Aurrera pauso handiak" eman dituztela gaineratu du.

Trumpek iragarri du "bilera asko" egingo dituela Kimekin. Etxe Zurira gonbidatuko al duen galdetuta, "noski baietz" erantzun du. Trumpek loreak bota dizkio Kimi. Ipar koreako presidentea "oso azkarra", "negoziatzaile gogorra" eta "oso errespetagarria" dela adierazi du.

Kim Jong-unek eskerrak eman dizkio Trumpi, gaurko bilera posible egiteagatik. Sinatutako akordioa "historikoa" dela nabarmendu du. "Mundua aldaketa izugarri baten lekuko izango da".

Singapurreko Sentosa irlan egin dute bilkura Trumpek eta Kimek, bertan 9:00ak zirenean. Bilera historikoa izan da, lehen aldia baita AEBetako eta Ipar Koreako presidenteak elkarrekin biltzen direla. Eszenografia zainduko agertokian elkartu dira, eta 12 segunduz estutu dizkiote eskuak elkarri bilkurara sartu aurretik.

Bildu aurretik, "oso ongi" sentitzen dela adierazi dio Trupek Kim Jong-uni. "Arazo handi bat konponduko dugu elkarrekin", zuzendu zaio. AEBek eta Ipar Koreak "hemendik aurrera harreman zoragarria" izango dutela gaineratu du.

Kimek, berriz, nabarmendu du ez dela erraza izan elkarrizketari heltzeko bidea. "Iraganak, praktika zaharrek eta aurreiritziek itsutu gaituzte, baina guztia gainditzeko gai izan gara, gaur hona iristeko". Ipar Koreako buruaren iritziz, askok pentsatuko dute bilera "fantasia bat" dela.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna