Aurrekontu politika

Jaurlaritzak aurten ekonomia %2,8 haztea espero du eta %2,3 2019an

Ekonomiari buruzko aurreikuspenak gorantz aldatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Aurten 17.800 enplegu garbi sortuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta beste 13.200 hurrengo urtean. 2019ko bigarren erdian jaitsiko da langabezia %10eko tasatik azpira.

Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu, artxiboko irudian.
Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu, artxiboko irudian. Juanan Ruiz / FOKU

Irune Lasa -

2018ko ekainak 12

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur finkatu ditu 2019rako aurrekontuen jarraibide nagusiak, eta, horrekin batera, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak 2018. eta 2019. urteetarako agertoki makroekonomikoa aurkeztu du, Jaurlaritzak ekonomiaren bilakaera aurretik ikusitakoa baino hobea izatea espero duela jakinaraziz.

Aurreikuspen berri horien arabera, 2018. urtean barne produktu gordina %2,8 haztea espero du Jaurlaritzak eta hurrengo urteko hazkundea %2,3koa izatea. Era berean, hurrengo hilabeteetan lehengaien garestitzeak prezioak modu puntualean igotzea eragin dezakeela uste du Azpiazuk, "baina soldata igoera txikien ondorioz, inflazioak ez du gora egingo".

Enpleguari dagokionez ere, aurrez esperotakoa baino bilakaera hobea espero du Jaurlaritzak 2018. urterako. Lehen 17.000 enplegu garbiren sorrera espero bazuen, orain, kopurua 17.800ra igo du. Hurrengo urtean, berriz, 13.200 enplegu gehiago aurreikusten ditu Ogasun eta Ekonomia sailak. Gauzak horrela, 2019. urtearen bigarren erdirako langabezia %10eko tasaren azpira jaitsiko litzateke eta sailburuaren arabera, "bete egingo da Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako zuen helburu estrategikoetako bat".

Nazioarteko ekonomian Nazioarteko Diru Funtsaren aurreikuspenak aipatu ditu Azpiazuk. Erakunde horren arabera, munduko ekonomiak %3,9ko hazkundeak izango ditu 2018an eta 2019an, besteak beste, lehengaien garestitzearekin protagonismoa berreskuratuko duten garapen bideko herrialdeei esker. AEBetako ekonomiaren sasoia ere azpimarratu du sailburuak.

Eurogunean, aldiz, hurrengo bi urteetan moteltze txiki bat espero dela esan du Azpiazuk. Eremuko BPG %2,3 igoko da aurten eta %1,9 hurrengo urtean. Diru politika uzkurragoa aurreikusten du sailburuak, "ziurrenez 2019. urteko lehen erdialdean etorriko den tasen igoerarekin". Brexit-erako adostutako irtenbidea eta merkataritza gerrak ekar ditzaketen neurri protekzionistak dira Azpiazuk ekonomiarentzat aurrera begira ikusten dituen arriskuetako batzuk.

Defizita, iazko Kontzertuaren Batzordea Mistoan adostutakoa izatea aurreikusten du Jaurlaritzak: %0,1ekoa 2019an eta %0koa 2020an, "aurrekontu oreka lortuz". Zorraren gehieneko helburua, halaber, 2019rako %13,8an ezarri zen batzorde hartan, eta %13,2an 2020rako. Gastu arauari dagokionez, 2019rako erreferentzia tasa %2,7koa da, baina Azpiazuren arabera kontutan izan beharko da ea izaera egonkorreko diru sarrerak igotzen diren.

Aurrekontuak

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur adostu ditu 2019. urteko aurrekontuetarako jarraibideak, haiek urriaren amaieran Eusko Legebiltzarrera eramateko prozesua abiaraziz. Pedro Azpiazuren arabera, aurrekontu horiek "oso garrantzitsuak" izango dira.

EAJren eta PSEren gobernuak 2018ko aurrekontuak PPren botoei esker lortu zituztela gogorarazita, Azpiazuk ez du baztertu hori berriz gertatzeko aukera, baina "zailagoa" ikusten duela aitortu du eta azaldu prest dagoela alderdi guztiekin hitz egiteko aurrekontu berriei buruz. 

Ogasun eta Ekonomia sailburuak ez du argibiderik eman aurrekontuaren zenbatekoari buruz. "Horretarako diru sarreren berri izan beharko dugu", esan du eta gaineratu du horretarako urriaren erdialdean egin ohi den Finantzen Euskal Kontseilua lagungarri izango dela. 

Hurrengo aurrekontuekin "pertsona guztientzako oinarrizko zerbitzuak eta kalitate handiagoko enplegu aukerak sortuko dituen giza garapen jasangarriaren aldeko euskal apustua" indartu nahi du Jaurlaritzak. Emaitzetan sakondu nahi du eta lau erronkari erantzun: demografiaren, hezkuntzaren, digitalizazioaren eta nazioartekotzearen erronkei. Era berean, berdintasunaren xedea sail bakoitzaren helburu nagusietako arau teknikoetan sartuko dela iragarri du Azpiazuk.

Aurrekontu horietan lantaldea handitzerik ez du aurrikusten Jaurlaritzak ezta erakunde publiko berririk sortzea ere, baina bai soldata igoeraren bat. Funtzionamendu gastuei dagokienean, alor publikoko sail eta erakundeek euren diru laguntza politikak aztertu beharko dituzte, arrazionaltasunaren ikuspegitik, eta lagutnza horiek jasotzen dituztenen gaitasun ekonomikoak ere aztertuko dira, "babes hobea eta zuzentasun handiagoa lortzeko".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna