Enpresak

Ryanairrek Londreserako bidaiak eskainiko ditu Loiutik, 2019ko apiriletik aurrera

2019ko apiriletik aurrera, Londresko Southend aireportuarekin lotuko du Bilbokoa. Sei urteko etenaren ondoren ekingo dio Loiun berriz ere zerbitzua eskaintzeari.

Ryanair konpainiako hegazkin bat, Santanderreko (Espainia) aireportuan. /
Ryanair konpainiako hegazkin bat, Santanderreko (Espainia) aireportuan. / Roman G. Aguilera/EFE

Berria -

2018ko ekainak 13

Bilbotik Londreserako hegaldiak eskainiko ditu Ryanairrek, 2019ko apiriletik aurrera, hegazkin konpainiak gaur jakinarazi duenez. Loiutik Londresko Southend aireporturako hegaldiak egingo ditu.

Dagoeneko, hasierako eskaintza berezia egin du konpainiak. 25 eurotik hasita salduko ditu lehen eserlekuak datorren urteko apirilean bidaiatzeko. Hegaldi horiek ostiraleko gauerdira arte erosteko aukera izango da Ryanairren webgunean.

Londres Southend aireportua Inglaterrako hiriburutik 68 kilometrotara dago, Essex konderrian, eta Londresko erdigunearekin lotzen duen tren geltoki propioa du.

Ryanair sei urteko etenaren ostean itzuliko da Bilboko aireportura. 2012ko maiatzean hasi zen lehenengoz Bizkaiko hiriburuan hegaldian egiten, eta 2013ko apirilean bertan behera utzi zituen zerbitzu horiek, AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak aireportu tasak igo zituela argudiatuta. Iazko martxoan, Gasteizko Foronda aireportuan hasi zen zerbitzua eskaintzen. Biarritzen (Lapurdi), lau hegaldi eskaintzen ditu: Londres eta Birminghamera (Erresuma Batua), Dublinera eta Marseillara (Frantzia).

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna