liburua

Lasai bizi beharrean, bizia eman

Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea liburua aurkeztu du Pako Sudupek, Donostian. Euskal abertzaletasuneko kide historikoaren konpromisoa nabarmendu du.

Pako Sudupe, gaur, Donostian, Telesforo Monzoni buruzko liburuaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA, FOKU
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 13a
14:23
Entzun

"Zertarako egin gaur egun Monzoni buruzko liburu bat?", galdetu du Pako Sudupek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959) Telesforo Monzon, aristokrata abertzalea. EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala lanaren (Txertoa) aurkezpenean, Donostian. Haren bizitzaz azalpen luze bat egin ondoren eman du erantzuna: "Adibidez, garrantzitsua da zein ziren duela 40 urteko planteamenduak, gaurkoekin alderatzeko, eta gazteek Monzon ezagutzeko ere bada liburua; ezagutu behar dute. Figura atsegina da, aberatsa. Dirua zeukan, baina lasai bizi beharrean, bizia eman zuen abertzaletasunaren alde".

Hiru etapa izan zituen Monzonek (Bergara, Gipuzkoa, 1904-1981), Suduperen arabera. Lehen 25 bat urteetan, aita goiz hil zitzaiola medio, "amaren gonapean" egon zen. "Langileen herria zen Bergara, baina familia zaldun batekoa zen Telesforo. Hura ez zen joaten eskolara; etxera joaten zitzaizkion irakasleak". Karlismoaren eta monarkia espainolaren giroan hazi zela dio liburuaren egileak, eta Espainiako Estatuko hainbat lekutan egin zituela ikasketak; "ez zen ikasle ona". 

Ondoren, beste 25en bat urteko aro bati ekinez, gaztaroko giroarekin hautsi eta EAJko kide "garrantzizkoa" izan zen: GBBko buru eta EBBko kide, Espainiako Kongresuan diputatu eta lehen Eusko Jaurlaritzako kontseilari –Sudupe: "Ertzaintza sortu zuen; 500 kide, denak euskaldunak"—. Euskara ardatz modura zeukan, eta bere arbasoei kritikarik egin zien euskarari ez emateagatik garrantzia, idazleak Udal Liburutegian esan duenez. "Telesforok berak euskara berreskuratu egin behar izan zuen". Hizlari gisara ere nabarmendu zen Monzon, eta Kongresuan EAJko beste kideekin 1930eko hamarkada hasieran egindako lana ere azpimarratu du Sudupek: "1931-1936 aldian EAJkoak oso deserosoak ziren Kongresuan. Orduko EAJ, oraingo EH Bildu zen".

Hirugarren aroa

Frankismoaren diktadura aurrera zihoan heinean, EAJren ildoarekiko kritikoago agertu zen Monzon; oso lotuta ikusten zuen Espainiako politikarekiko, eta 1956an dimisioa eman zuen karguetatik. "Gainera, uste zuen EAJk ez zuela nahikoa egiten euskal kulturaren eta euskararen alde". Hirugarren aroari ekin zion; kargurik gabe, "libre" zen, egilearen esanetan. 1958an ETA sortu zen —"gudaritzat zituen etakideak"—, Ipar Euskal Herrian iheslariak ezagutzen hasi zen Monzon —haren sendiak etxe bat zeukan Donibane Lohizunen (Lapurdi)— eta 1960ko hamarkadako Aberri Egunen ondorioz-eta "ilusionatu" egin zen. "Zazpi lurraldez osatutako euskal estatuaren alde egin zuen beti, eta sinesten zuen horretan. Uste zuen bazela benetako aukerarik horretarako".

1975ean diktadura bukatu arren, Monzonek ez zuen uste euskal alderdiek sartu behar zutenik estatuaren erreforma kontuetan. "Prest azaldu zen behin-behineko gobernu bat osatzeko, baina independentzia nahi zuen". 1977n EAJtik bidali egin zuten. Urte hartan itzuli zen Hego Euskal Herrira. HBn sartu zen. 

Idoia Arozena Txertoako kidearen ustez, Monzoni buruzko liburuak "euskal abertzaletasunaren bilakaera ulertzen laguntzen du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.