Espainiako gobernu berria

Loza eta Arasti izango dira Espainiako Gobernuaren ordezkariak Hego Euskal Herrian

PSNko kidea da Jose Luis Arasti, eta Milagroko alkate izateko hautagai izan zen azken udal bozetan. Jesus Loza, berriz, Elkarbizitzarako ordezkaria izan zen Patxi Lopezen agintaldian.

Jesus Loza izango da EAErako Espainiako Gobernuaren odezkaria. /
Jesus Loza izango da EAErako Espainiako Gobernuaren odezkaria. / Juanan Ruiz/Foku

Berria -

2018ko ekainak 14

Ostiraleko Ministro Kontseiluan berretsi behar dituzten arren, dagoeneko ziurrak dira erabakiak. Hala, Jose Luis Arasti sozialistak hartuko du orain arte Carmen Albak bete duen kargua, Espainiako Gobernuko ordezkariarena, eta Jesus Lozak ordezkatuko du Javier de Andres popularra.

Nafarroako Alderdi Sozialistako kidea da Arasti, eta Milagroko alkatetzara aurkeztu zen aurreko udal bozetan. Egun, PSNko zuzendaritzako kidea da. Nafarroako Alderdi Sozialistak proposatu du haren izena. Enpresa zientzietan lizentziaduna da Arasti.

Pozik agertu da Maria Txibite idazkari nagusia Pedro Sanchezen erabakiarekin: "Sei urte daramatza Nafarroako Gobernuko Barne Sailarentzako lanean, eta, beraz, ezagutzen ditu ordezkaritzan kudeatu beharko dituen alorrak. Gure konfiantza osoa du, eta baita zuzendaritza federalarena ere".

Sozialista da Loza ere, eta hainbat urtez Fernando Buesa Fundazioko presidenteorde izan da. 1952an jaio zen, Gasteizen, eta mediku ikasketak egin zituen; Txagorritxuko erietxeko zuzendaritzan aritu zen lanean. Patxi Lopez lehendakaritzara heldu zenean, berriz, Elkarbizitzarako ordezkari izendatu zuen. Kargu horretan zela, "ETAko presoei bigarren aukera" eman beharra aipatu zuen, eta gaixo dauden presoen inguruko ekimenak ere landu zituen.

Lozak salatu izan du, era berean, ETAren aurkako borrokan giza eskubideen urraketa ugari egin zirela. Bide beretik, presoen gizarteratzearen aldeko adierazpenak egin izan ditu, ohartaraziz horren aurka dagoena "konstituziotik at" dagoela.

Gaur egun, Gogora instutuko zuendaritza kontseiluko kidea da, eta Txagorritxuko erietxean egiten du lan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna