Energia

Energia berriztagarria kontsumoaren %32 izatea nahi du EBk 2030erako

Gau osoko bilera erronden ostean adostu dute helburua %27tik %32ra igotzea, eta "eguzkiaren zerga" debekatzea 2026ra arte

Parke eoliko bat, Bulgarian. /
Parke eoliko bat, Bulgarian. / VASSIL DONEV/EFE

Jon Fernandez -

2018ko ekainak 14

Bilera-maratoiak tradizio dira Europako Batasuneko goi negoziazioetan, eta ohiturarik ez dute apurtu energia berriztagarrien inguruko legedi berria adosteko ere. Gau osoa igaro dute, hamabi ordu, bilera bileraren gainean eginez Europako Parlamentuko, Batzordeko eta 28 gobernuetako ordezkariek. Adostasunaren ke zuria goizaldean lortu dute. Eta ohi bezala, erdibideak irabazi du. EBko gobernuek defendatu dute energia berriztagarrien bidez sortutako energia kontsumoaren %27koa izan behar dela 2030erako; Europarlamentuak, ostera, %35 eskatzen zuen. Azkenean, kontsumoaren %32koa izango da energia zuzentarauan 2030. urterako ezarritako helburua.

Eta azken esprinta baino ez da izana bart gauekoa, hamazortzi hilabete luze baitaramatzate negoziatzen zuzentarau berria. Energiaren mundua trantsizioan dago, bereziki, 2016ko apirilean munduko potentzia handienek Parisko Akordioa sinatu zutenetik.

Miguel Arias Cañete EBko klima komisarioak azpimarratu du "anbizio berri honi esker" Parisko Akordioko helburuak errazago beteko dituztela EBko herrialdeek. Arias Cañetek onura gehiago ere ikusten dizkio energia berriztagarrien langa igotzeari: "Lanpostu gehiago sortuko dira, energia fakturak merkatu egingo dira kontsumitzialeentzat, eta energia gutxiago inportatuko dugu".

Energiaren kontsumoaren banaketa

Azken datuen arabera, iaz EBn kontsumitutako energiaren ia %17 izan zen energia berriztagarrien bidez sortua; 2030era bitartean egin beharreko esfortzua, beraz, handia izango da. Herrialdez herrialde, nabarmenak dira aldeak. 2015eko datuei erreparatuz gero, Nafarroan kontsumitutako energiaren %18 izan zen energia berriztagarria, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %7 baino ez. Suediak kontsumitzen du energia berriztagarri gehien (kontsumo osoaren %42), baina energia nuklearraren erabilera ere oso handia du (%32). Energia berriztagarri gutxien, bestalde, Luxenburgok eta Herbehereek kontsumitzen dute: %5.

2030erako helburu bat finkatzea bezain garrantzitsua izan da estatu kideek onartzea 2023an birpentsatu egingo dutela zenbaki hori, eta, gorago eramango dutela, baldin eta, ordurako, berrikuntza teknologikoek ahalbidetzen badute trantsizio energetikoa bizkortzea. 

Autokontsumoa sustatuz

Helburuak jartzearekin batera, hura lortzeko traba batzuk ezabatzea erabaki dute. Horrela, autokontsumoa sustatzeko, Bruselan adostu dute "eguzkiaren zerga" deiturikoa ezabatzea, gutxienez 2026ra arte. Herritarrek beraien energia berriztagarria ekoiztea, kontsumitzea eta biltegiratzea ahalbidetu nahi du Bruselak, teilatuetako eguzki plaken bidez, esate baterako.

Gainera, energiari buruzko zuzentaraua berrituta, beste etxeko lan bat ere jarri dute 2030erako: EBko estatuen arteko interkonexio elektrikoa %15era arte handitu beharko da. Era berean, Bruselak adostu du garraio sektoreak ere energia berriztagarri gehiago kontsumitzea 2030erako, %14 hain zuzen. Ibilgailu elektrikoak sustatzea da neurri horren asmoa. Ildo berean, joan den maiatzean Bruselak, lehenengo aldiz, proposatu zuen kamioien CO2 isuriak murriztea: 2025erako, %25 apaldu nahi ditu emisioak, eta 2030erako, %30.

Bioerregaien ekoizpena, izoztuta

Onartutako beste neurrietako bat bioerregaiei buruzkoa izan da. Estatu kideek lehen belaunaldiko bioerregaiak sortzen jarraituko dute aurrerantzean ere —etanola, esate baterako—, baina lortzen duten produkzio maila lortze dutela, 2020an izoztu egingo da kopuru hori. Bigarren belaunaldiko bioerregaien produkzioari, berriz, helburu zehatz bat jarri diote, %3,5ekoa. Elikatzeko ez den laborantzatik sortutako bioerregaiak dira bigarren belaunaldikoak, egurretik sortutakoak, adibidez.

Elkarte ekologisten ustez, energia berriztagarriei buruzko akordioa motz geratu da. Greenpeacek bereziki gogor kritikatu du bioerregaien auzia, uste duelako "mehatxu bat dela Europako basoentzat, onartuko dutelako zuhaitz eta labore gehiago erretzea energia sortzeko". Bruselak neurrri horiekin munduari ematen dion eredua "ikaragarria" da, Greenpeacen arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna