Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko agiria aurkeztu dute

Kultur eta gizarte eragile ezagun askok sinatu dute manifestua: 140 orotara. Tartean dira, besteak beste, Benito Lertxundi, Garbiñe Biurrun, Patxi Zabaleta, Pako Aristi, edota Amets Arzallus.

Iruña-Veleia Argitu ekimenaren agiriaren aurkezpena, goizean. /
Iruña-Veleia Argitu ekimenaren agiriaren aurkezpena, goizean. / Juanan Ruiz/Foku

Aitor Biain -

2018ko ekainak 14

Iruña-Veleia auzia argitzearen aldeko agiria aurkeztu dute kultur eta gizarte arloko dozenaka eragilek, Gasteizen egindako agerraldian. Aztarnategian aurkitutako grafitoak benetakoak diren ala ez argitzeko bide zientifikoak erabiltzeko eskaria luzatu diete erakundeei. “Ezin da denbora egon auzia argitu gabe”, azpimarratu dute. Gontzal Mendibil musikariak eta Nekane Jurado ekonomialariak irakurri dute agiria. 

Piezen lagin bat arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea, eta auzibidean zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egitea galdegin dute. Presazko neurritzat jo dituzte, besteak beste, “begi bistako arrazoi humanitarioengatik”. Izan ere, piezak aurkitu zituzten Eliseo Gil eta Oscar Escribano arkeologoen aurkako auzibidea martxan da, eta epaiketa noiz hasi zain dira. Orain hilabete da auzipetuen aurkako akusazio idatziak aurkeztu zituztela. Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Fiskaltzak bost eta zazpi urte arteko kartzela zigorra eskatu zituzten bi auziperatuentzat. Hamar urte beteko dira aurki Iruña-Veleiako aztarnategian piezak aurkitu eta faltsutzat jo ondoren, Lurmen enpresaren aurkako auzibidea hasi zutenetik.

Agiriak dioenez, piezak egiazkoak diren ala ez argitzea garrantzitsua da “ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza arlo askorentzat ere”. Adierazi dutenez, “erraz” argituko litzateke egungo “datazio teknika modernoak” erabiliz, bada horiek erabiltzearen aldeko eskaria luzatu diete erakundeei.

Kultura, politika, gizarte eta unibertsitate arloko 140 aurpegi ezagunek sinatu dute manifestua. Tartean dira, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea, Emilio Illarregui eta Eduard Harris arkeologoak, Benito Lertxundi, Eñaut Elorrieta eta Fermin Muguruza musikariak, Jesus Arregi fisikaria eta Koenraad Van den Driessche geokimikaria, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe, Toti Martinez de Lezea eta Joan Mari Irigoien idazleak, Patxi Zabaleta eta Patxi Uribarren euskaltzainak, eta baita EHUko hainbat irakasle ere.

Iruña-Veleia Argitu ekinbideko kideek kalera aterako dute agiria, eta sinadura bilketa bat abiatuko dute. Sarean ere sinatzeko aukera izango da change.org webgunean. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria