Politika

Trebiñu Arabara batzeko lege proposamena sustatu dezala eskatu dio legebiltzarrak Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarrak lantalde bat eratzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, Trebiñuren auziak eragiten dien erakunde guztiekin batera. Trebiñu Arabara batzeko lege proposamena adostu eta Espainiako Kongresura eraman dezala galdegin dio.

Argantzun herriko ikuspegia. Atxiboko irudia. /
Argantzun herriko ikuspegia. Atxiboko irudia. / Raul Bogajo/Foku

Berria -

2018ko ekainak 14

Eusko Legebiltzarrak Trebiñu Arabara batzeko urratsak emateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. EAJren eta PSEren aldeko botoekin onartutako proposamenean, Jaurlaritzari galdegin dio lantalde bat eratu dezala Trebeñuko auzian parte diren erakunde guztiekin, eta lege organiko bat adostu dezatela bertan; ondoren, lege hori Espainiako Kongresura eraman eta bertan onartzeko.

Trebiñu Arabara batzeko eskaria Eusko Legebiltzarrera eraman du, gaur, EH Bilduk. Proposamen bat aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzari, Gaztela eta Leongo Gobernuari, eta Espainiako Gobernuari dei egiteko "Trebiñuko herritarren borondate aske eta demokratikoa" onartzera. EH Bilduren testuak jasotzen duenez, borondate horrek izan behar du "Trebiñuko herriak Arabara batzeko baldintza bakarra".

Koalizioaren proposamena baztertu egin du legebiltzarrak, EAJren, PSEren eta PPren kontrako botoekin. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da. Juan Carlos Ramirez EAJko legebiltzarkidearen esanetan, "utopikoa" da EH Bilduren proposamena, Trebiñu Arabara batzeko "baldintza bakarra" Trebiñuko herritarren borondatea dela aipatzen duelako. Ramirezek ohartarazi du auziak hainbat erakunderi eragiten diela. Antzeko adierazpenak egin ditu PSEko Txarli Prietok ere. Baztertu egin du trebiñarren borondatea aurkeztea "zilegitasun bakar" modura, Gaztela eta Leongo eta Espainiako gobernuen iritzia ere kontuan hartu beharrekoa dela iritzita.

Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek emendakin bat adostu dute, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote bide eman diezaiola "Trebiñuko herritarren nahi zilegiei". Horretarako, lantalde bat eratzera deitu diote, auziak eragiten dien erakunde guztiekin batera, Espainiako Kongresuan onartzeko lege proposamen bat adostu dezaten. Lege horren helburua litzateke "egungo lurralde mugak moldatzea [Trebiñu] Arabako Lurralde Historikora batzea baimenduz".

EAJren eta PSEren proposamenaren kontra bozkatu du EH Bilduk, eta abstenitu egin dira PP eta Elkarrekin Podemos.

Azken horrek, erreferendum bat galdegin du, "legezkoa eta bermeduna", auziari irtenbidea emateko. PPk, berriz, Gaztela eta Leongo eta Eusko Jaurlaritzaren arteko "elkarlana" indartzeko eskatu du.

Legebiltzarreko talde guztiak agertu dira Trebiñu Arabara batzearen alde.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna