Memoria historikoa

73 urte lur azpian

Jesus Karrera Olaskoaga hondarribiarra 1945eko urtarrilean fusilatu zuten, PCEko idazkari nagusi zela. Haren gorpua Madrilgo Alcala de Henaresko hilerrian lurperatu zuten.

Aranzadiko langileak gorpuzkiak ateratzeko lanetan. /
Aranzadiko langileak gorpuzkiak ateratzeko lanetan. / Hondarribiko Hitza

Asier Perez-Karkamo - Gipuzkoako Hitza -

2018ko ekainak 15

Madrilgo Alcala de Henaresko hilerrian lurperatu zuten, 1945eko urtarrilaren 18an. Bi egun lehenago fusilatu zuten. PCE Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusia zen, kargu hori betetzeko erbestetik itzuli zenetik. 1943ko martxoan atxilotu zuten, Madrilen, eta 153 egunez torturatu epailearengana eraman aurretik. Ostiral honetan hasi dira Jesus Karrera Olaskoaga hondarribiarraren hezur txikituak berrekuratzeko lanak, herrian atseden har dezaten.

Sendiak duela hiru hilabete jakin zuen Karrera Alcala de Henaresen zegoela lurperatuta, Aitzol Arroyo herriko historialariak eginiko ikerketari esker. “Alderdi komunistan egindako lanari buruz-eta azterketa lan batzuk egiten hasi nintzen unibertsitatean”. Arakatu ahala, azkar konturatu zen Karrera ez zela izan militante hutsa: 150 miliziano komunistaz osaturiko batailoia gidatu zuen 36ko gerran, eta erbestetik itzuli eta PCE berregituratzeko ardura hartu zuen gerraostean. “Ez nuen sinisten herrian halako pertsonaia bat egotea; ahaztua, ezkutatua… ‘Hau egia bada, ikertu behar dut’, esan nion neure buruari, errealitatea azaleratzeko eta gizarteratzeko”, kontatu du historialariak.

1911ko abuztuaren 17an jaio zen Karrera, Hondarribiko Alde Zaharreko Zilardegi kalean. UGTn afiliatu zen 20 urterekin, eta, gutxi geroago, Alderdi Komunistan; 1936ko gerraren aurretik hainbat ardura izan zuen sindikalismoan, eta, beste ardura batzuen artean, Gernikako Arbola batailoiko komandantea izan zen gerran. Erbestean, Gursen (Okzitania) eta beste kontzentrazio eremu batzuetan eduki zuten preso. Argeles-Sur-Merrekoan (Okzitania) zegoela, alderdi komunista berregituratzeko enkargua egin zioten.

Onartu egin zuen enkargua, eta, Behobia aldetik, muga zeharkatu zuen 1941eko urrian. “1941etik aurrera, egunero-egunero jarri zuen arriskuan bere bizitza; muga Puntxasetik pasatu zuenean, Madrilera joan zenean, Bilbon eta Donostian nukleo komunista berriak sortu zituenean, Madrilen aginduak zabaltzean, bere aurreko idazkari nagusiarekin elkartzean…”.

1943ko martxoan atxilotu zuten, eta tortura latzak jasan zituen Segurtasun Zuzendaritza Nagusian (DGS), Porlierreko espetxera (Madril) eraman zuten arte. 1944ko irailaren 19an epaitu zuten, eta hiru hilabetera jaso zuen epaiaren berri. Biharamunean fusilatu zuten.

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitza-n.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna