FUTBOLA

Hiruna egin dute Espainiak eta Portugalek Munduko Kopan

Portugal bitan jarri da aurretik, eta Espainiak irauli egin du emaitza, baina Real Madrileko jokalariak berdindu egin du 88. minutuan. Hiru gol sartu ditu.

2018ko ekainaren 15a
22:24
Entzun

Aspaldiko esaera batek dio txakur ahulari arkakuso asko hurbiltzen zaizkiola. Bada, Errusiako Munduko Koparen hasiera honetan txakur ahulik baldin badago, hori Espainiako selekzioa da. Lehiari ekin baino bi egun eskas lehenago hautatzailerik gabe geratu izana nahikoa kolpe izan ez balitz, beste bat jaso du gaur. Izan ere, azken unean egin dio ihes garaipenak Portugalen aurka. Cristiano Ronaldok 88. minutuan faltaz sartutako gol eder batek eragotzi du espainiarrek hiru puntu batzea.

Kolpe handia eman dio Portugalek Espainiari, benetan min egiten duten horietakoa, zailena egin ondoren jaso baitute espainiarrek kolpea. Izan ere, bitan jarri da aurretik Portugal 1-0 eta 2-1, baina Fernando Hierrok entrenatutako taldea gai izan da neurketari buelta emateko (3-2). Garaipenak gertu zirudienean, ordea, eskutik ihes egin dio, edo Cristiano Ronaldok kendu. Aurrelari portugaldarra ikusgarri aritu da, hiru gol sartu baititu. Hark salbatu du Portugal, eta Espainia kondenatu.

Joan-etorrian jokatutako partida izan da. Portugal Espainiaren areara gerturatu den lehen aldian, Cristiano Ronaldok Nachorekin tupust egitea bilatu du. Bikain atera zaio amarrua portugaldarrari, epaileak penaltia adierazi baitu. VARak ez du ezer aldatu, eta Cristiano Ronaldok ez du huts egin. 0-1. Lau minutu besterik ez ziren jokatu.

Espainia behartuta zegoen aurrera egitera, eta horixe egin du. Arriskua sortzen hasi da. Portugalek, aldiz, atzerapausoa eman du. Argi zuen egitekoa: atzean sendo aritu, eta kontraerasora atera. Itsu-itsuan ari dira espainiarrak, eta garesti ordaintzear izandira, Guedesek bigarren gola egiteko aukera izan baitu. Diego Costak, ordea, ez du huts egin. Busquetsek eginiko aldaratze luze bat irabazi dio Peperi zelai erdia pasatuta, bi atzelariri iskin egin die, eta jaurti, zutoinera pegatuta, eta gola sartu. Banakoa. 24. minutua zen.

Golak areagotu egin du espainiarren nagusitasuna, eta Iscok gertu izan du bigarren gola, baina haren jaurtiketa langara joan da, eta golaren marran botea egin. Baina 1-2koa gertu zirudienean etorri da 2-1koa. Cristiano Ronaldok sartu du berriz ere gola, area kanpotik, eta De Geak egindako huts handia baliatuta. Hortxe amaitu da lehen zatia.

Hain izan da handia Portugalek Espainiari emandako kolpea, ezen erritmoak kolpe batetik egin duela behera bigarren zatiaren hasieran. Jota ziruditen espainiarrek, baina jokaldi bakartu batean, falta jaurtiketa batean, binakoa egin du Diego Costak, buruz.

Golak hautsi egin du lehia, eta hiru minutu eskas geroago Nachok hirugarrena sartu du, area kanpotik. Ordu erdi falta zen, mundu bat neurketa nola zihoan ikusita. Bada, azken unean aldatu da dena, 88. minutuan. Cristiano Ronaldok hirugarren gola sartu du, falta jaurtiketa bat maisuki jaurtita. Ez da gol gehiago izan.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.