Urteurrena

Erregimenaren zutabeek "bere horretan" diraute, Alternatibaren ustez

Erakundeak Nazio Batzarra egin du, eta, horrekin, hasiera eman diete 10. urteurrenaren ospakizunei.

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 16

Alternatibak hamar urte beteko ditu abenduaren 13an, eta hasi dituzte urteurrenaren ospakizun ekitaldiak Bilbon antolatu duten Nazio Batzarrarekin. Eraiki goiburua jarri diote batzarrari, eta Alternatibaren apustu estrategikoak izeneko txostena izan dute eztabaidagai.

Batzarraren hasieran, Alba Fatuarte eta Oskar Matute Alternatibako Nazio Koordinakundeko kideek hartu dute hitza. Gogorarazi dute erakundea "Euskal Herriko ezkerreko jendeen zerbitzura dagoen tresna gisa" sortu zela, eta hamar urte hauetako mugarri nagusiak aipatu dituzte: Bilduren sorrera -koalizioko kide da Alternatiba-, Gorripidea taldeko militante ugarik Alternatibarekin bat egitea erabaki zutenekoa eta abar. Ibilbide horretan, euren lehentasuna "euskal ezkerraren artikulazio eta sendotzea" izan dela esan dute Matutek eta Fatuartek.

Abagune politikoaz ere berba egin dute. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatu ostean, egoera politikoan ezer gutxi aldatu dela irizten dio Alternatibak, "gakoa ez baita PP eta PSOEren arteko partidan nor gailenduko den, joko zelaia trukatuta dagoela baizik". Horregatik, pentsatzen dute "78ko erregimenaren zutabeek bere horretan" irauten dutela, eta "itxuran dena aldatu arren", benetan ez dela "ezer" aldatu.

Horren aurrean, "aliantzak egitea", erabakitzeko eskubidearen inguruan "gehiengo sozialak" artikulatzea eta feminismoa eta pentsiodunen mugimendua egiten ari diren bezala "kaleak hartzea" dira Alternatibaren proposamenak.