Artea

Dario Villalba artista donostiarra hil da

Pintorea eta argazkilaria zen, eta aitzindarietako bat izan zen, 1960ko urteetan, argazkigintzarekin margolanak egiten. Madrilen hil da, 79 urterekin.

Villalbaren 'Zain' pieza, Bilboko Guggenheim museoan, 2014an.
Villalbaren 'Zain' pieza, Bilboko Guggenheim museoan, 2014an. Marisol Ramirez / Foku

Ainhoa Sarasola -

2018ko ekainak 16

Dario Villalbak (Donostia, 1939) Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren eskolan egin zituen ikasketak, eta 1957an zabaldu zuen bere lehen erakusketa, Madrilgo galeria batean. Margolaria eta argazkilaria izan zen, eta bere artelanetan bi arloak uztartzen asmatu zuen 1960ko urteetan; aitzindaritzat jotzen da horretan. Gizakia muturreko egoeretan erakutsi zuen bere koadroetan, eta maiz hartu zituen mina, gaixotasuna eta heriotza bere sormen lanen gai nagusitzat. 

Hainbatetan saritu zuten Villalba; 1973an, Sao Paoloko Pintura Biurtekoak nazioarteko saria eman zion, eta, 1983an, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen, besteak beste. Haren lanak Europako eta AEBetako bilduma publiko nahiz pribatu esanguratsuenetan daude, tartean, Solomon Guggenheim bilduman, New Yorkeko Metropolitan museoarenean eta Osloko Arte Garaikidearen zentroarenean.

Euskal Herrian, Donostiako San Telmo museoan, Kubo-Kutxa aretoan, Bilboko Guggenheim museoan eta Bilbo Arte aretoan erakutsi izan dituzte Villalbaren lanak, besteak beste, baita hainbat galeriatan ere. Madrilgo Reina Sofia zentroak atzera begirako erakusketa eskaini zion 2007an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna