Mundua

Migratzaileen etorkizuna ez dago argi, baina lehorrean dira

Hiru itsasontzitan ari dira Valentzian (Herrialde Katalanak) porturatzen 630 iheslariak, eta portuan dira hirurak: 06:45ean iritsi da Dattilo, 10:45ean Aquarius, eta 13:12an Orione. Gurutze Gorriak prestatu du migratzaileen harrera, eta pozik daude, gauzak espero bezala joan direlako. Haien arabera, "irribarretsu, nekatuta baina lasai" ari dira iristen.

Medikuak iritsi berri diren migratzaileak aztertzen

Berria -

2018ko ekainak 17

Ezer baino lehen, osasun azterketa egiten ari zaizkie iritsitako erbesteratuei —Dattilokoei lehorrean, eta Aquariusekoei itsasontzian bertan—, eta, gero, haien egoera aztertzeko poliziaren eskuetan uzten dituzte. Handik, poliki-poliki autobusetan sartu eta datozen egunetan egongo diren aterpetxe eta antzekoetara eramaten ari dira. Horretarako premia zutenak erietxeetara eraman dituzte —momentuz, 44—. Oinarrizko gauzekin poltsa bana ematen ari zaizkie guztiei.

Jorge Suarez Valentziako Generalitateko Larrialdietako zuzendariordeak jakitera eman duenez, fisikoki ez dute aparteko arazorik itsasontzietatik jaitsi direnek, baina nahastuta daude, durduzatuta. "Jar zaitezte beraien lekuan. Jendea galdu dute bidean, buzoak eta maskarak jantzita dituztenek artatzen dituzte, tenperatura hartzen diete, interprete bat jarri... gymkana moduko bat pasatzen ari dira, eta horrek shock-eatu egiten ditu". Nolanahi ere, migratzaileek erakutsi duten jarrera ona azpimarratu du, "gizalege handiz eta lasai" jokatzen ari direlako. Bigarren lehorreratu den ontzikoek aurrenekokoek baino animo hobea dutela jakinarazi du, gainera.

Valentziako portuan txaloz hartu dituzte zain zituzten kazetari eta herritarrek, babesa agertzen saiatuz. Gurutze Gorriaren arabera, "irribarretsu, nekatuta baina lasai" ari dira iristen.

Bernardo Alonso poliziaren komisarioak jakinarazi duenez, 45 eguneko baimena jasoko dute gaur lurreratzen diren erbesteratu guztiek, eta beranduenez denbora hori pasatuta, beraiek egoera araututa egoteko bidea abiatu beharko dute. Iturri horien arabera, gaur ez du inork dokumentaziorik aurkeztu. Epe hori amaituta ohiko prozedura aplikatuko zaiela esan du Alonsok.

Frantziako Gobernua prest agertu zen hara joan nahi duten eta "asilo irizpideak" betetzen dituzten erbesteratuak hartzeko, eta Espainiako Gobernuan kontaktuan daude uneoro, lekualdatze horiek egin behar badira ere.

Ez dago argi zer gertatuko den gaur lehorreratuko diren migratzaileekin, baina, Angela Merkelek atzo esan zuen migrazioari "erantzun europarra" eman behar zaiola.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna