balkanak

Jugoslaviako errepublika ohiaren izena 'Ipar Mazedonia' izango da, Greziarekin akordioa sinatuta

Akordio historikoa sinatu dute Atenasek eta Skopjek, eta Greziak onartu egingo du Balkanetako errepublika izen berria hartzen badu. Mazedonian erreferedum batekin berretsi beharko dute akordioa.

Zoran Zaevek (eskuinetik bigarrena) bere gorbata Alexis Tsiprasen (eskuinetik lehena) poltsikoan sartu zuen keinu gisara ekitaldiaren ondoren, Federica Mogherini EBko Atzerri gaietarako buruaren eta Johannes Hahn EBko ordezkariaren aurrean. NIKOS ARVANITIDIS, EFE
2018ko ekainaren 18a
12:22
Entzun

Urteetako eztabaida bati amaiera eman zioten atzo Greziak eta orain arte Mazedonia izena zuen Jugoslaviako errepublika ohiak. Greziak ez du inoiz onartu errepublika hori, Grezia iparraldean izen bereko lurralde bat dagoelako eta bere mugak mehatxatuta ikusten zituelako izen horrekin. Bi herrialdeek, ordea, adostu dute aurrerantzean Ipar Mazedonia izena izango duela errepublika horrek, mazedoniarrek atzo sinatutako akordioa berresten badute. Mazedoniako Gobernuak gaur parlamentura bidali du atzo sinatutako akordio historikoa.

Akordioa historikotzat jo dute nazioartean. Nikos Kotzias Greziako Atzerri ministroak, Nikola Dimitrov Mazedoniakoak eta Matthew Nimetz NBEko bitartekariak sinatu zuten atzo. Ekitaldia Prespes aintziran egin dute, Grezian, bi herrialdeen eta Albaniaren arteko mugan, eta han izan dira Alexis Tsipras eta Zoran Zaev lehen ministroak ere. Akodioa sinatu ondoren, aintzira zeharkatu eta Mazedonian otordu bat egin zuten.

Akordioa berretsi beharko dute orain, eta ez dirudi Grezian eta Mazedonian denak alde daudenik. Bateko eta besteko alderdi nazionalistek traiziotzat jo dute. Atzo, Skopjen 4.000 lagun atera ziren kalera, eta istiluak izan ziren manifestari eta polizien artean; zazpi polizia eta hiru manifestari zauritu ziren. Atenasen, berriz, akordioa dela-eta joan den astean Tsiprasen aurka estatu kolpe bat ematera deitu zuen eskuin muturreko parlamentaria atxilotu dute. Tsiprasek zentsura mozio bati egin behar izan zion aurre ostiralean akordioa sinatzera zihoalako.

"Gure historiaren zamari aurre egiteko gaude hemen. Balkanetako herriei mintzatzeko gaude. Gure eginbeharrari aurre egiteko gaude hemen", esan zuen Tsiprasek akordioa sinatzeko ekitaldiaren aurretik. Kotziasek eta Demitrovek elkar besarkatu zuten akordioa sinatu ondoren. Denek ere akordioak bakerako eta elkarlanerako bidea irekitzen duela azpimarratu zuten. Nimetzek esan zuen eredu bat direla biak Europan eta mundu osoan, bi bizilagunek arazo bat konpon dezaketela erakusten duen adibidea.

Mende laurden iraun duen auzia

25 urte baino gehiago iraun du bi herrialdeen arteko ika-mikak, Jugoslavia desegin zenetik. 1991ko irailaren 8an aldarrikatu zuen independentzia Mazedoniak, eta bi urte geroago onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia izenarekin. 140 herrialdek onartu zuten estatu berria, baina ez Greziak, argudiatuta Grezia iparraldeko izen bereko eskualde bat bereganatzeko asmoa dagoela izen horren erabileraren atzean.

Izen aldaketaz gain hizkuntza ofiziala mazedoniera izango dela jaso dute akordioan eta herritarrei "Ipar Mazedoniakoak" esango dietela. Onartzen dute biek ere Mazedonia edo mazedoniar hitzak modu desberdinetara ulertzen dituztela, testuinguru historiko eta ondoriotasun kultural desberdinek baldintzatua.

Aste honetatik aurrera Mazedoniako Parlamentuan izen berria berresteko prozesua hasiko dute: erreferendum bat egin beharko dute eta emendakin bat erantsiko dute konstituzioan aldaketak aurrera egiten badu. Mazegoniak izen berria onartzen duenean Greziak Europako Batasunari jakinaraziko dio babesten duela Mazedonia batasunean sartzeko negoziazioak hastea, eta NATOri jakinaraziko dio Mazedonia erakundean sartzera gonbidatzea ere begi onez ikusten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.