Emisioen iruzurra

Rupert Stadler Audiren buruzagi exekutiboa atxilotu dute

Audik hilabete hasieran aitortu zuen A6 eta A7 ereduetako beste 60.000 diesel autok zutela software manipulatua.

Rupert Stadler, artxiboko irudian.
Rupert Stadler, artxiboko irudian. LUKAS BARTH / EFE

Irune Lasa -

2018ko ekainak 18

Audiren buruzagi gorena, Rupert Stadler, gaur goizean atxilotu dute Alemanian, Volkswagen konpainiak jakinarazi duenez. Atxiloketa iruzurrezko isuri datuak emateko prestatutako diesel motorren auziari lotuta dago, eta agintari judizialek argitu dute beldur direla Stadlerrek iruzurraren zantzuak ezabatuko dituen. Dena dela, atxiloketa behin-behinekoa dela zehaztu du VWk, eta audientziaren ostean erabakiko duela epaileak zer egin atxilotuarekin.

Dieselgate eskandalua 2015. urteko irailean piztu zen. Garai hartan Stadler jada VWren konpainiaren buruzagia zen, eta orain arte eskandaluarengatik atxilotutakoen artean kargurik handiena berak du. Alemaniako fiskaltzak asteak zeramatzan Audiko burua ikertzen, eta joan den astean haren etxebizitza miatu zuen.

Ekain hasieran aitortu zuen Audik bere A6 eta A7 ereduetako 60.000 diesel autok zutela isuri datu okerrak emateko manipulatutako softwarea. VWen arabera, bere 11 milioi autok dute xede horretarako manipulatutako softwarea. Alemaniako fiskaltza hogei susmagarri ikertzen ari da ustezko iruzurragatik eta publizitate faltsuagatik, eta horien artean daude Volkswagen taldeko bi presidente ohi, Martin Winterkorn eta Matthias Mueller.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna