Ezbeharra

Fabrika zahar bat guztiz kiskali du sute batek Ondarroan

San Ignazio kaleko 25. eta 27. zenbakiko etxeak hartu du su; garai batean Ortiz kontserba fabrika zenaren eraikinak. Ez da zauriturik izan.

Aiert Goenaga

Berria -

2018ko ekainak 19

Sute handia izan da gauean Conservas Ortizen fabrika zaharrean. Eraikina hutsik zegoen, baina, garrek hartu duten indarra ikusita, alboetako lau eraikin hustu behar izan dituzte. 40 familia atera dituzte etxetik, kea arnasteko arriskuagatik. Udalak kiroldegia jarri du familia horien zerbitzura, nahiz eta gehienek familiako eta lagunen etxeetara joatea hobetsi duten. 21:20 inguruan piztutako sua kontrolpean zuten gauerdian, nahiz eta kostatu zaien erabat menderatzea. Ez da zairiturik izan. Hutsik zegoen eraikina joan deneko urteetan.

Ez dakite nola piztu den, baina sutearen ondoren eraikina egoera txarrean gelditu denez, “herritarren segurtasuna bermatzeko” hura eraisteko agindua eman du gaur Zunbeltz Bedialauneta alkateak.

21:20 inguru zirela eman du abisua herritar batek, eraikinaren teilatu aldetik ke asko hasi delako ateratzen, sare sozialetan hainbat pertsonak jarri dituzten bideoetan ikusi den bezala.

Laster, garrek indarra hartu dute, eta beheko solairuetara jaisten hasi dira. Ordubete eskasean, garretan zegoen etxearen goiko alde guztia.

Suhiltzaileak eta poliziak joan dira lekura, eta ingurua itxi egin dute. Gurutze Gorriaren laguntza ere izan dute gauean. Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, sua itzalita dago erabat, nahiz eta suhiltzaileek lanean jarraitzen duten. Etxetik ateraarazi duten jendea ere bueltan da jada; 01:15ean eman diete horretarako baimena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna