Munduko Kopa

Japoniak arazotan sartu du Kolonbia (2-1)

Epaileak Sanchez kolonbiarra egotzi du 8.minutuan eta Japoniaren aldeko penaltia adierazi. Asiarrek ondo baliatu dute egoera.

Yuya Osako japoniako jokalaria 2-1eko gola ospatzen. ERIK S. LESSER / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 19a
16:32
Entzun

Golak. 0-1: Kagawak, penaltiz (6. min). 1-1: Quinterok (39. min). 1-2: Osakok (73. min)

Ezustekoen Munduko Kopa izaten ari da, eta Japonia lehen partidan espero baino uzta handiagoa bildu duten taldeen zerrenda gehitu da. 2-1 irabazi dio Kolonbiari, eta H multzoko buruan bukatuko du lehen jardunaldia. Kolonbiak, aldiz, ez du espero zenik eman. 8. minutuan jokalari bat egotzi diote eta penalti bat adierazi aurka. Japoniak sartu egin du, eta horik aurrera oso aldapa gora jarri zaio bidea.

Partidako jokaldi erabakigarria 8. minutuan iritsi da. Kagawaren jaurtiketak Sanchezen besoan jo du area barruan, eta epaileak Kolonbiako erdilaria egotzi du. penaltia ere adierazi du, eta Kagawa berak sartu du. Japoniak amesturiko Munduko Kopa hasiera izan du, 8. minutuan eta 1-0 aurretik. Japonia krisi larrian ritsi da Munduko Kopara, emaitza txar eta azken orduko hautatzaile aldaketa batekin. Bada halako egoeran kostata irudika zitekeen hasiera hoberik.

Izenez Kolonbia talde hobea da, baina asko sufritu du Japoniaren abiadurari aurre egiteko. Kalitatea ezkutatzea, baina, zaila da, eta Quinterok banakoa sartu du 39. minutuan. Falta jaurtiketa bidez sartu du, Japoniako atezainaren eta hark hesian jarritako jokalarien laguntzarekin.

Bigarren zatian bi taldeak ausart aritu dira. Japonia bigarren golaren bila abiatu da, eta Kolonbiak aldaketa ausartak egin ditu. James izarra 60. minutuan zelairatu du, eta Bacca aurrelaria 70.enean. Japonia trebea da kontraerasoan, abiadura baita bere arma nagusia. 2-1ekoa, baina, korner batean sartu du Osakok. Hondak itxi-itxi atera, eta Japoniako aurrelariak buruz sartu du Arias eta Murillori  area txikian gaina hartuta.

Kolonbiak oso aldapa gora zuen partida eta erasora jo du. Azken txanpan, baina, nekearen zama sumatu zu eta Japoniak ez du gehiegi sufritu emaitzari eusteko. Kolonbia oso egoera txarrean gelditu da emaitza honekin.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.