Politika

Urkullu eta Sanchez ekainaren 25ean bilduko dira, Moncloan

Urkulluk espetxe politika moldatzeko aukerez mintzatuko zaio Espainiako presidenteari, Eusko Jaurlaritzak aurreratu duenez. Sanchez uztailaren 9an bilduko da Quim Torra Kataluniako presidentearekin.

jarraia153576.jpg
2018ko ekainaren 20a
07:05
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ekainaren 25ean elkartuko da Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, Madrilgo Moncloa jauregian. Sanchezek estatu espainiarreko autonomia erkidegoetako presidenteekin egingo duen bilera errondako lehen bilkura izango da Espainiako gobernuburuaren eta Urkulluren artekoa.

Bilera datorren astelehenean izango da, 12:00etan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak atzo aurreratu zuenez, Urkulluk espetxe politika moldatzeko aukerei buruz solastuko zaio, besteren artean, Espainiako presidenteari. Jaurlaritzaren jarrera Iñigo Urkullu lehendakariak egindako proposamenean oinarrituko dela gaineratu zuen: alegia, euskal presoak etxetik 250 kilometroko erradioan kokatzea. Espainiako Gobernuak espetxe politika moldatzearen eta "legezkotasun printzipioa" ezartzearen alde mintzatu ostean egin zituen adierazpenok Erkorekak. Horrez gain, autonomia estatutua errespetatzeko eskatu zion Urkulluk Sanchezi, hura Espainiako gobernura iritsi berri zela.

Pedro Sanchezek Espainiako presidente kargua hartu duenetik Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin bilduko den lehen aldia izango da. Aurretik, Sanchez EAJko presidente Andoni Ortuzarrekin eta alderdi jeltzaleko diputatu Aitor Estebanekin bildu da, baina.

Urkulluren ondoren, Torrarekin emango dio segida Sanchezek bilera errondari. Uztailaren 9an hartuko du Kataluniako presidentea Madrilen.

Gaur jakin da Kataluniako presidenteak Espainiako erregeari biltzeko eskaria egin diola, hark Tarragonara (Herrialde Katalanak) —Mediterraneoko jokoak direla eta— egingo duen bisitaren harira. Errege Etxeko buruak eskutiz bidez jakinarazi dio Espainiako Gobernuari Torraren gonbidapena jaso duela, Espainiako konstituzioaren arabera, gobernuak oniritzia eman behar baitie erregearen ekitaldiei. Espainiako Gobernuak ez du baimendu Torraren eta Felipe Borboikoaren arteko bilera. Azaldu duenez, erregeak ezin du Torraren mintzakide izan gai politikoak jorratzeko, eta uztailaren 9an Sanchezekin izango duen bilerara bideratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.