Memoria historikoa

Eremu publikoetatik ikur frankistak kentzen ez dituztenak zigortuko ditu Nafarroak

Legeak 2.000 eta 150.000 euro arteko isunak aurreikusten ditu urtebeteko epean sinbolo edo aipu frankistak kentzen ez dituztenentzat.

20016an kendu zuten gurutze ereinozduna Nafarroako Gobernuaren eraikinetik. /
20016an kendu zuten gurutze ereinozduna Nafarroako Gobernuaren eraikinetik. / IƱigo Uriz/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2018ko ekainak 21

Askatasunaren aurkako ikurrak eta aipuak aipatzen ditu foru legeak, "gainditu beharreko iragan bat" ordezkatzen dutenak. Horiek dira Nafarroako Gobernuak kendu nahi dituenak. Diktadura goraipatzen duten ikur eta aipamenak erakin eta eremu publikotik ezabatzea da helburua, eta hori egiten ez dutenentzako zigor ekonomikoak aurreikusten ditu araudiak. Hala, agindua betetzeko urtebeteko epea ezarri dute.

Ikurrei eremu publikoetan eustea biktimekiko iraingarritzat dute lauko gobernua sostengatzen duten alderdiek, eta hori jarri dute argudio araua onartzerakoan ere. Onartutako testuak gogora ekartzen ditu gerra garaian eta diktaduran jazarriak izan zirenak, eta nabarmentzen du herritarrek eskubidea dutela "eremu publikoetako ikurrak elkarbizitzarako aukera sor dezaten, eta ez daitezen iraingarri edo laidogarriak izan".

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerrra eta PSNren aldeko botoekin onartutako testuak —kontra bozktau dute UPNk eta PPk— zehazten du legea betetzen ez dutenen aurkako isunak 2.000 eta 150.0000 euro artekoak izan daitezkeela. Isun larriena jaso dezaketen arau-hausteen artean leudeke, besteak beste, desagertuen gorpuak dauden tokietan baimenik gabe eraikitzea edota memoria historikoarekin lotutako guneak suntsitzea.

Hala, 10.000 euro arteko isuna ekarriko luke ikur frankistak kentzeko ebazpenak ez betetzeak eta desagertutakoen gorpuzkien berri izan eta horien aurkikuntza ez jakinarazteak. Arau-hauste larria litzateke, baita ere, estatu kolpea edota diktadura babestu zuten pertsonen omenezko ikurrak ezartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna