Europako Batasuna

'Brexit'-erako akordiorik ezean, Erresuma Batutik joatearekin mehatxu egin du Airbusek

Brexit-aren inpaktu negatiboekin kezkatuta dagoela dio aeronautika konpainiak, eta "berehalako zehaztasunak" behar dituela "lehiakortasunari eusteko egin beharreko pauso pragmatikoei buruz".

Airbus 380 baten artxiboko irudia. ANDY RAIN / EFE
Irune Lasa.
2018ko ekainaren 22a
11:56
Entzun

"Erabaki serioak hartzeko puntura iritsi gara. Ezin dugu une honetako argitasun faltarekin jarraitu". Tom Williams Airbuseko operazio buruzagiak gaur goizean BBCn azaldu ditu konpainiak atzo gauean brexit-aren arriskuei buruz plazaratutako agiriaren nondik norakoak. Agiri horretan, besteak beste, konpainiak adierazi zuen gero eta kezkatuago dagoela brexit-aren prozesuaren aurrerabide faltarekin. Hain zuzen, herrialdeak Batasunetik ateratzeko jarraitu beharreko pausoei buruzko eztabaida oraindik puri-purian dago parlamentuan, bai eta Theresa Mayren gobernuan bertan ere. Jakina, horrek erabat baldintzatzen ditu Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko negoziazioak ere.

Williamsen arabera, Erresuma Batuak Europako Batasuna uzteko "edozein agertokik ditu ondorio negatibo larriak" herrialdeko aire eta espazioko industriarentzat, orokorrean, eta Airbusentzat bereziki. Airbuseko buruak eskatu du "lehiakortasunari eusteko egin beharreko pauso pragmatikoei buruz" berehalako zehaztasunak eman ditzatela. Haren ustez, egoera "oso arriskutsua" da, eta konpainiak erabaki serioak hartu beharko ditu "datozen asteetan". Pixka bat urrunago ere joan da BBCko elkarrizketan: "Hitz gutxitan, akordiorik gabeko brexit batek zalantzan jartzen du Airbusen etorkizuna Erresuma Batuan".

Britainiako gero eta enpresa gehiago agertu dira kezkatuta brexit-arekin gerta daitekeenaren inguruan. Airbusen beraren ustez, adibidez, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak brexit-erako hitzartutako trantsizio epea —2020ko abendura artekoa— "motzegia da" konpainiaren hornikuntza kateak egin beharreko aldaketa guztiak egin ahal izateko. Eta, zer esanik ez, 2020. urteko martxotik aurrera "mugetan kaosa" sortzeak ez luke horretan lagunduko.

Gauzak horrela, Erresuma Batuan egin beharreko inbertsioak "tentu handiz aztertuko" dituztela esan du Williamsek, eta oraingoz ez duela bertako hornitzaileen eta bazkideen kopurua handituko. Gaur egun, Airbusek 15.000 langiletik gora ditu Erresuma Batuko 25 lantegietan, eta 4.000 enpresak lan egiten dute konpainiaren hornikuntza katean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.