Euskal presoak

Euskal presoen eskabideak "blokeatuta" daudela salatu dute haien abokatuek

Banakako eskabideak aurkezteko eskatzen dieten arren, gradua aldatzeko eta irteera baimena lortzeko eskabide guztiei "argudio anakroniko eta politikoekin" eta "eredu bati jarraituta" erantzuten dietela esan dute.

Iñaki Zugadi eta Oninza Ostolaza abokatuak
Iñaki Zugadi eta Oninza Ostolaza abokatuak June Prieto / Foku

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 22

Euskal presoen abokatu Onintza Ostolazak eta Iñaki Zugadik azaldu dute zertan diren euskal presoek aurkezturiko eskabideak. Salatu dute euskal preso ia guztiak —%95 inguru— lehen graduan daudela —preso arrunten kasuan, %2,1 baino ez daude egoera horretan—. Ehun preso inguruk gradua aldatzeko eskaera egin dute, eta denak atzera bota dituzte espetxe bakoitzeko balorazio batzordeak eta Espetxe Zaintzako Idazkaritza Nagusiak. Helegiteak aurkeztu dituzte Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean, eta han eskabideak "blokeatuta" dituztela salatu dute, haietako batzuk iaztik.

Erantzuna eman duten kasu bakanetan, hori ere ezezkoa izan da. Kasu bakarra iritsi da Espainiako Auzitegi Nazionalera, Kordoban (Espainia) dagoen preso batena: hari ere atzera bota diote helegitea.

Irteera baimenei dagokienez, abokatuek gogorarazi dute oso preso gutxik dutela hori eskatzeko aukera, horretarako beharrezkoa delako lehen graduan ez egotea. Eskatu dutenen kasuan, bi baino ez dituzte onartu: Sara Majarenas eta Xabier Sagardoirenak, hain zuzen ere. Gainerako guztiak atzera bota dituzte.

Abokatuek eskaera zehatza egin diote Espainiako Espetxe Zaintzako idazkari nagusi berri Angel Luis Ortiz Gonzalezi: Espainiako gobernu berriak ahotan ibili duen "legezkotasun printzipioa" benetan euskal presoei ezartzeko, "salbuespen legeria" amaituz eta lege arrunta aplikatuz. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epaile Jose Luis Castrori ere "blokeoa amaitzeko" eskatu diote, eta mahai gainean dituen ehun eskaera ingururi bide emateko "irizpide ideologiko eta politikoak erabili gabe".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna