Politika

Etxeberri: "Ipar Euskal Herriko bidea estrategikoa izan daiteke burujabetzarako"

Garaipen txikien bidez Euskal Herria burujabe lelopean Manu Robles-Arangiz fundazioak Gasteizen antolatutako mintegian parte hartu du Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak gizarte zibilaren antolaketaren garrantzia nabarmendu du.

ELAren Manu Robles-Arangiz fundazioaren mintegia, gaur, Gasteizen.
Edurne Begiristain.
2018ko ekainaren 22a
09:57
Entzun

Burujabetzari buruz eztabaidatzeko mintegia egiten ari da ELA sindikatuko Manu Robles-Arangiz Fundazioa Gasteizko EHUko Letren Fakultatean. Bertan parte hartzen ari dira, besteak beste, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea eta Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia. Azken urteotan Ipar Euskal Herrian sortu diren hainbat ekinbideei buruz mintzatu da Etxeberri, tartean, Euskal Herriko Laborantza Ganberaz, Ipar Euskal Herriko Elkargoaz, eta duela gutxi, ETAren armagabetzearen inguruko mobilizazioaz. Haren ustez, bi osagai nagusi dituzte ekinbide horiek guztiek: batetik, gizartean "sare zabala" sortu izan dela aldarrikapen berberen inguruan, "jende eta sektore anitz" mugiarazita; eta bestetik, Frantziako estatuaren erantzuna itxoin gabe eskaera horien edukia praktikara eraman dituela gizarteak. Iparraldean "harreman, zubi eta aliantza berriak" sortu direla nabarmendu du Etxeberrik, eta ETAren armagabetzearen aldeko mobilizazioa jarri du adibide gisa. "Jendeak erabaki du beren kabuz egitea bi estatuek egin behar zutenaren zati bat". Haren ustez, Ipar Euskal Herriak erakutsi du Euskal Herriaren burujabetza eraikitzeko "bide estrategikoa" zein izan liteke. "Gaur askok zuzentzen dizkiegu bi estatuei eskari arrazoizkoak eta erabilgarriak, eta ez gaude beren etengabeko ukoa onartzeko prest eta eskari horiei entzungor egitea pairatzen jaraitzeko prest".

Euskal Herriaren burujabetza lortu nahi bada, gizartearen "kontzientziak eta perspektibak eraldatu" behar direla azpimarratu du Etxeberrik. Gakoa da, haren esanetan, herritarrek euren bizitzaren gaineko "kontrola" berreskuratzea, eta horretarako, gizartearen "ahalak" eta mobilizatzeko duen gaitasuna oinarri hartzea proposatu du.

"Kultura politiko berria"

Ildo beretik egin du gogoeta ELAko idazkari nagusiak ere. Edozein aldaketa lortzeko gizarte zibilari parte hartzeko aukera ematea defendatu du Muñozek. Haren aburuz, Ipar Euskal Herrian lurraldearen eta gizarte zibilaren antolakuntza ezinbestekoak izan dira "kultura politiko" berri bat sortzeko, eta hori, aldi berean, erabakigarria izan da lankidetza sustatzea "konfiantzak" sortzeko. Hegoaldean, ordea, "kultura demokratiko eskasa" ikusten du ELAko buruak,  Eusko Jaurlaritzak ez duelako ontzat jotzen "klientelista" ez den gizarte antolatu bat. Muñozen iritziz, politika molde horrek "oso kutsu autoritarioa" dauka, gizarte zibilaren parte hartzea baztertu eta nortasun kolektiboei erasotzen dielako.

Autogobernu lantaldean EAJk eta EH Bilduk lortutako akordioez ere mintzatu da ELAko burua. EAJk sozialistak akordiotan sartu nahi izatea eta lortutako akordioa estatuaren oniritzia jaso beharra kritikatu ditu, "beto eskubidea" onartzea delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.