Hauteskunde Sindikalak

LABek aurreko hauteskunde sindikaletako emaitzak hobetu eta bere proiektu politikoa indartu nahi du

Euskal Herri osoan hauteskunde sindikalen urtea datorrela baliatuta, LABek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian duen bigarren postua sendotu nahi du —CCOOekiko distantzia haundituz—, eta Nafarroan %16ko ordezkaritza gainditzea izango du helburu. Ipar Euskal Herrian ere aukera "paregabea" dutela baieztatu dute.

jarraia153664.jpg
Peru Azpillaga Diez.
2018ko ekainaren 22a
13:44
Entzun

2019. urtea hauteskunde sindikalen urtea izango da Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, urritik martxora bitartean izango dira, eta bertan, LABek, azken urteetako hazkunde joera baliatuta, egun duen ordezkaritza handitu nahi du bere proiektu politikoan sakondu ahal izateko. Horregatik, eta sindikalismoa "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela konbentzituta, bi erronka nagusi dituela azaldu du gaur Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, Bilbon egindako agerraldian, eta horiek lortzeko dituzten arrazoiak plazaratu ditu: "LAB prest dago momentu honi erantzun eta langileen egoerari irtenbidea emateko, eta hori lortzeko proiektu sindikalik hoberena du".

Egun, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, LAB bigarren sindikatua da ordezkaritzari dagokionez, %18,9ko portzentajearekin. ELA du aurretik, %40,8ko ordezkaritzarekin, eta CCOOek gertutik jarraitzen du, %18,7rekin. Hori dela eta, datozen hauteskundeetan, egun duen tokia sendotu nahi du LABek, eta CCOOekiko duen distantzia handitu. Nafarroan, egoera bestelakoa da, eta LAB laugarren tokian da, %15,9ko ordezkaritzarekin. Horregatik, %16ko ordezkaritza gainditzea izango da haren helburua.

Gainera, Ipar Euskal Herrian ere hauteskunde sindikalen urtea izango da. Abenduan, administrazio publikoaren ordua izango da, eta, horretaz gain, 2019ko abendua baino lehen, 11 langiletik gorako enpresa guztiek beren ordezkaritza berriztu beharko dute. Egoera hori ere baliatu nahi du LABek egun duen ordezkari kopurua handitzeko.

Helburu horiek lortzeko, hiru arrazoi nagusi aipatu ditu Aranburuk. Lehenik, LABek kontrabotereko sindikalismoaren alde egiten duela nabarmendu du; mobilizazio sozialetan "beti presente" dagoela gogorarazi du. Ondoren, sindikalismo soziopolitikoa egiten duela erantsi du, "eraldaketa sozialaren alde borrokatzeko beharrezkoa delako egungo instituzioen politika publikoa aldatzea eta burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen alde lan egitea". Azkenik, eredu sindikala berritzen aitzindariak direla plazaratu du Aranburuk, eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko eskaintza sindikal sendoa dutela adierazi: “Eguneroko lanean erakusten dugu zer den LAB, langileekin ukondoz ukondo lan eginez”.

Era berean, feminismoaren aldeko borrokarekin duen konpromisoa berretsi du LABek, eta sindikatuak parekidea izateko eta emakumeen ordezkaritza handitzeko lanean jarraituko duela ere azaldu du —egun dituen 41.368 afiliatuetatik, %40 emakumeak dira—. Horretarako, lan guztien aitortza aldarrikatu du Aranburuk: "Zaintza lana emakumeen bizkarren gainean erortzen da oraindik, eta sexuaren araberako lan sistemak, berriz, emakumea lan munduan bigarren mailan egotea eragiten du". Horrek, besteak beste, soldata arrakala sortzen duela gogorarazi du, eta LAB horren aurka borrokatzeko prest azaldu dela hasieratik.

Alde horretatik, prekaritatea jarri du jopuntuan LABek, eta ohiko lan mundutik kanpo geratzen diren langile kolektiboentzat ere eskaintza sendoa duela azpimarratu du. Azkenik, azken urteetako joerari eutsiz, sindikatua berritzen jarraituko duela jakinarazi du Aranburuk, "belaunaldi berriak sindikatura ekarriz".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.