Energia

Petrolio ekoizpena handituko du LPEEk

Saudi Arabiak eta haren aliatuek lortu dute Iranen betoa altxaraztea.

Irango eta Irakeko ordezkariak, LPEEren bileran, Vienan.
Irango eta Irakeko ordezkariak, LPEEren bileran, Vienan. Iera Herranz / Efe

Iker Aranburu -

2018ko ekainak 22

Ofizialki, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak ekoizpena egunean milioi bat upel handitzeko akordioa lortu du, gaur Vienan egindako bileran. Baina, egiazki, asko jota 600.000 upel izango dira, herrialde batzuk ez daudelako ekoizpena handitzeko moduan.

2016ko azaroan, LPEEko kideek eta karteleko kide ez diren ekoizle handi batzuek —Errusia barne— onartu zuten egunean 1,8 milioi upel kentzea merkatutik. Eskaintza txikitu zenean gorantz egiten hasi zen petrolio upelaren prezioa, 35 dolarretik 80 dolarreraino. Azken egunetan 75 dolar ingurura jaitsi da Brent upelaren prezioa, ekoizpena handitzeko espektatibak zeudelako.

Azken urte eta erdian petrolioak prezioa bikoiztu izanaren arrazoietako bat da azkenean ekoizpena uste baino gehiago txikitu dela —2,8 milioi upel gutxiago—, Venezuelak, Angolak eta Libiak ezin izan dutelako beren kuota bete. Gaur onartutako igoerak galera horren zati bat baizik ez du estaliko eta, hortaz, ez luke prezioan jaitsiera handirik eragin beharko.

Iran izan da akordiorako oztopo nagusia, argudiatu baitu ekoizpena txikitzea Donald Trump AEBetako presidenteak Saudi Arabiari egindako presioaren ondorio izan dela. Bijan Namdar Zanganeh Irango Petrolio ministroak LPEEko bilera bat utzi zuen ostegun arratsean, eta ziurtatu zuen petrolioa garestitzearen arrazoietako bat zela Trump bera, akordio nuklearretik atera izanak eragin zuelako Iranek ahal baino petrolio gutxiago saldu izana nazioarteko merkatuetan.

LPEEko kideak Errusiarekin eta erakundeko kide ez direnen beste ekoizle batzuekin bilduko dira bihar, gaurko akordioa berresteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna