Golak: Coutinhok (91. min). 2-0: Neymarrek (96. min).
Partidako minutu gehienetan mendean izan arren, Brasilek ondo sufrituta irabazi dio Costa Ricari. Luzapenean sartu dituzte Coutinhok eta Neymarrek partidako bi golak, eta hala lau punturekin eskura du final-zortzirenetarako sailkapena. Lehen bi partidak galdu eta gero, Costa Rica Munduko Kopatik kanpo geratu da.
Norgehiagokako lehen 25 minutuetan Costa Ricak izan du aurre hartzeko aukera bat. Baina hortik aurrera, Brasil izan da nagusi. Tantaka, zelai erditik aurrera duen maila erakusten hasi da. Bigiarren zatian are agerikoagoa izan da hori. Hasieratik estutu egin du, eta lehen minutuetan bi aukera garbi izan ditu aurrea hartzeko. Argiena Gabriel Jesusek langara bidalitako baloi bat izan da. Aldaretzea Coutinhori iritsi zaio, eta hark kanpora bidali du baloia.
Costa Ricako atezain Kaylor Navasek aparteko lana egin du, eta 56. minutuan gelditu bikaina egin di Paulinhori area txikian. Costa Rica atzean sartuta egon da bigarren zati horretan, baina aukera txikiren bat izan duenean bizi atera da kontraerasoan. Ahalegin horietako batean, ia zelairatu berri zen Bolañosek abagune aparte izan du gola egiteko, baina Miranda bizkor ibili da, eta errematea egitera zihoanean kendu dio baloia.
Gola lortzen ez zutela ikusita, Brasilgo jokalariak urduritzen hasi dira. Are gehagio, epaileak Neymarri egindako penaltia adierazi, baina VARean begiratu eta gero baliogabetu egin duenean. Aldaketak eta VARa tarteko, epaileak sei minutuko luzapena adierazi du, eta 91.ean bukatu da sufrimendua brasildarrentzat. Atzetik iritsita, area txikian errematea egin du Coutinhok, eta Keylor Navasen atea zulatu. Epailea amaiera adieraztear zela, Neymarrek egin du bigarrena.