Azkena Rock

Dotoreziatik gordintasunera

15.000 ikusle baino gehiago bildu zituen Azkena Rock jaialdiko lehen jardunaldiak. Van Morrison kartelburuaren musika landuak bide eman zion Dead Cross taldearen hardcore gogorrari, rock etiketaren doinu ezberdin asko sartzen direla agerian utzita.

Van Morrison abeslaria Azkena Rock jaialdiko emanaldi nagusian, atzo Gasteizen.
Van Morrison abeslaria Azkena Rock jaialdiko emanaldi nagusian, atzo Gasteizen. Juanan Ruiz / Foku

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 23

Kontraste biziko jardunaldia utzi zuen Azkena Rock jaialdiak ostiralean. Van Morrisonen estilo garbi eta zaindutakoaren aldean, rockaren alderik basatiena ordezkatu zuen Dead Crossek, Mike Pattonen talde berriak. Antolakuntzaren arabera, 15.050 lagun bildu zituen aurtengo lehen egunak, arratsalde eguzkitsu baten babespean.

The Soul Jacket taldearekin hasi zen musika Mendizabalako eremuan. Laster, sarreraren ondoan dagoen hirugarren eszenatokian, Tutan Come On gasteiztarren stoner rock indartsuak ekin zion. Oskar Conde Kanda eta Ibon Salterainen gitarra eta bateria bortitzak eremura sartzen ziren ikusleen arreta bereganatu zuten. Ez zen ziur aski ordutegirik egokiena estilo horretan murgiltzeko, baina proposamena ondo defendatu zuten, eta ziur asko kanpotik etorritakoen eta bertakoen artean zale gehiago bereganatu zituzten.

Agertoki nagusietan, arratsaldeak rock doinu klasikoetara jo zuen. The Sheepdogs entzuteak AEBetako mendebaldeko eremu zabaletara eraman dezake ikuslearen irudimena, baina sortzez Kanadatik dator boskotea. Emanaldi bizia eskaini zuten, tarteka Shamus Currie abeslariaren ahotasari Ewan Currie anaiaren tronboi soinu ezohikoekin lagunduta. Publikoari balio zion berotzeko.

Beroa, ziur aski soberan, paratu zuten Rival Sons taldeko musikariek. Arratsaldeak aurrera egin ahala eguzkiak bete betean jotzen du bigarren agertokia. Los Angeleseko taldea atera zenerako, indartsu jotzen zien aurrez aurre. Hard rock musikaren esparruan izen bat egin du bandak, honezkero bost disko kaleratu dituela. Jay Buchanan abeslaria, pandereta bat eskuetan Jim Morrison bailitzan, ikusleak animatzen saiatu zen. Tarteka lortu zuen, baina ez zuten sekula erritmorik kateatu. Hutsune eta atseden gehiegi ordubete baino gutxiago iraun behar zuen emanaldi baterako. Torture bezalako abestiekin, dena den, eskaintzak baduela kalitatea argi geratu zen.

Ezohiko ordutegian, kartelburuaren txanda iritsi zen. 20:15ak pasata atera zen Van Morrison oholtza nagusira, zazpikote baten buru. Kartelburuaren aukeraketak beti eragin ohi ditu iritzi ezberdinak, baina aurtengoan sekula ez bezalako zatiketa egon da. Ez da kontua Van Morrisoni musikaren historian duen lekua ezbaidatzea, horretan ez baitago zalantza handirik, baina ez dago hain garbi Azkenaren moduko rock jaialdi baten izar nagusia izan behar duen edo ez. Horretan behintzat frogatu zen goiz jotzeak lagundu ziola. Oraindik egun argiz eta eguzkia eszenatoki handiaren atzetik ezkutatzen hasia zela bazuen lekua haren swingak.

Mila marradun trajea, kapela, eta betaurreko beltzak jantzita atera zen abeslaria, haren irudi ikonografikoak agintzen duen eran. Urre koloreko mikrofonoa eta oina ezker eskuarekin oratuta ekin zion errepertoriari. Soilik saxofoiari edo harmonikari heltzeko utziko zuen. Bolumen nahiko baxuarekin hasieran, tarteka mikrofonotik aldendu eta eztulka ikusi zitzaion. Mukizapiak, itxuran edari beroren bat zeukan katilua eta ur botilak eskura izan zituen uneoro, baina dudak laster uxatu ziren. Ahotsari dagokionez, behintzat, emanaldiak aurrera egin ahala hobera egin zuen.

Emanaldia, berriz, gorabeheratsua izan zen. Zaleak pozik uzteko material asko utzi zuen. Ez zion uko egin musika berria jozeari ere ez. Iaz kaleratutako Versatile diskotik, haren 38. diskoa, Broken record jo zuenean irribarreren bat ere atera zitzaion. Rockera hurbildu zen pasarteetan publiko orokorrak eskertu zion, baina jazzera jo zituen uneetan arreta lausotu zen. Bukatzeko, Brown Eyed Girl eta Gloria eskaini zituen. Azken kantua bukatu aurretik taldearetzat txalo bat eskatu eta musika amaitu baino lehen desagertu zen oholtzatik.

Kontzertua hasi aurretik ere keinu bat egon zen Azkenaren jarraitzaileentzat. Jaialdiak baditu datak 2019. urterako. Ekainaren 21ean eta 22ean izango da, eta, garrantzitsuena, badu lehen talde bat iragarrita: Wilco.

Patton, 'manada'-ren aurka

2001: Odisea bat espazioan filmean primate batek zerura hezur bat jaurti eta espazio-ontzi bat ateratzen da. Halako jauzia eman zuen musikak Van Morrisoni jarraitu zion kontzertuarekin. Dead Cross taldeak hardcore du ikur gisa, Faith No More taldeko abeslari Mike Pattonen proiektu berriak. Dotoreziatik gordintasunera jauzi egin zuen jardunaldiak, rock etiketa erraldoi horren azpian unibertso oso bat sartzen dela argi erakutsita.

Bistan da ez dela Dead Cross edonorrentzako proposamena, baina soinu eskasegiak eta bolumen ikaragarriak -ez da halakorik entzun jaialdian ziur aski Hank Williams III.ak countrya alde batera utzi eta doom estiloan hasi zenetik, duela hainbat urte- , ez zuten gehiegi eztitu. Geratu zirenek burua astintzeko beta izan zuten, eta Pattonek karisma sobera duela erakutsi zuen, tarteka manada-ko rapist-en (bortxatzaile) aurkako mezuak ozen botata, mexikar azentoko gaztelanian. Ea jaialdia gustatu zain Pattoni eta Faith No Moren bisitaldi batekin errepikatzeko aukerarik duen.

Karteburua gaueko ordu zentraletatik aldenduta, ikusleak sakabantu ziren, jaialdiak eskainitako proposamen ezberdinen artean. Oholtza nagusian Chris Robinson Brotherhood taldeak lekua hartu zuen. Black Croweseko abeslari ohiaren banda ez da gehiegi aldenten AEBetako hegoaldeko doinuetatik, baina bluseari psikodeliaren elementuak gehitzen dizkio. Maila teknikoan, borobila izan zen, batzuk arima gehiago jartzea eskatu bazuten ere. Bitartean, hirugarren agertokian Man or Astroman taldekoek ikusle ugari bildu zituzten. Surf eta garage rock ederra eskaini zuten, abesti instrumentaletan oinarritutako emanaldian. Freskotasuna eman zioten jardunaldiari.

Amaierako txanpa MC50k abiatu zuen. 1968an rock musika hankaz gora jarri zuen MC5 Detroiteko taldetik soilik Wayne Kramer gitarra jolea geratzen da. Aurten, Kick out the jams disko mitikoak 50 urte betetzen dituela ospatzeko, musikari ezagunekin talde berria bildu du, eta omentzeko bira egiten ari da. Plazer bat izan zen Mendizabalan ikustea Marcus Durant (Zen Guerrilla), Kim Thayil (Soundgarden), edo Brendan Canty (Fugazi). Rambin Rose eta Kick Out The Jams gogoangarriekin abiatu zuten kontzertua. Lastima Duranten mikrofonoaren arazoen ondorioz abeslaria behar bezala entzutea ezinezkoa izan zela. Diskoari errepasoa emanda eta atseden txiki baten ondoren, berriro itzuli ziren, Donald Trump "oso gaixoari" The American Ruse abestia eskaintzeko, amaiera gisa.

Onenak emanda ziren ordurako, baina musika gehiagorako gogoz zeudenak bi itxiera izan zituzten eskura. Nebula kaliforniarren stoner rock sendoak bat baino gehiago suspertu zuen. Antzera esan daiteke oholtza nagusia itxi zuen kontzertuari buruz. Girlschool taldekoak saitu ziren ikusleei azken ahalegin bat egitea errazten, eta lortu zuten, metal klasikoari lotutako abesti jostagarriekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna