Azkena Rock

Rocka maitatzeko gaua

Joan Jett musikariaren rock eta punk erakustaldia nagusitu zen Azkena Rock jaialdiko bigarren egunean. Turbonegro, Berri Txarrak edo Gluecifer taldeen emanaldiek ere gustura utzi zuten publikoa.

Turbonegro taldearen kontzertua, atzo Azkena Rock jaialdian.
Turbonegro taldearen kontzertua, atzo Azkena Rock jaialdian. Adrian Ruiz de Hierro / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 24

Bezperan baino jende gehiago elkartu zen Mendizabalako kontzertu eremuan lehen ordutik, bigarren jardunaldiko emanaldiak ikusteko. Last Tour antolatzaileen arabera, 16.200 pertsona elkartu ziren atzo. Bi egunetan 30.000 lagun baino gehiago bildu dira jaialdian.

Nuevo Catecismo Catolico donostiarrek eta Lords of Altamont estatubatuarrek abiatu zituzten emanaldiak. Los Angeleseko taldeak garage rock boteretsua eskaini zuen, Jake The preacher Cavaliere abeslariaren gidaritzapean.

Bezperan bezala, bigarren oholtzan eguzkiari aurre egitea egokitu zitzaien Berri Txarrak nafarrei. Ez zuen axola izan. Hirukotea sasoiko dagoela oso argi geratu zen Etsia kantuarekin hasi zen ordubeteko emanaldian. Indartsu jarraitu zuten Infrasoinuak berriarekin edo Jaio.Musika.Hil klasikoarekin. Zuzenekoetan hainbeste entzuten ez diren abestien artean, Harra sekulakoa izan zen.

2006. urtean leku berean jo zutela gogora ekarri zuen Gorka Urbizu abeslariak. Alemaniatik gaupasan etorri eta gauerako beste kontzertu bat ematera alde egin zuten. Denbora pasa da, baina taldeak ez dio hazteari utzi. Bertsioaren txandan, omenaldi txikia egin zioten Anari musikariari. Zuri kantua izan zen azkena, migratzaileen azken egunotako krisiak gaurkotasun osoa itzuli dio abestiari. Ikusleek taldearen ahalegina eta oholtzan botatako izerdia eskertu zuten amaieran.

Agertoki nagusian Mott The Hoople bandaren ordua zen. Ingalaterrako taldeak 1970ko hamarkadako hard eta glam rock tartean mugitu zen. Apurka gora egin zuen kontzertuak, Ian Hunter abeslariaren, eta, batez ere, goitik behera berdez jantzitako Ariel Bender gitarra jolearen lan onari esker. Lou Reeden Sweet Jane abestiaren bertsioak hunkitu zituen ikusle asko, eta festa amaitzeko ezin zen falta David Bowiek idatzitako All the young dudes belaunaldi ereserkia. Talde beteranoa izateak ez du zertan kontzertu apala esan nahi.

Arratsaldeko azken ordua Turbonegro norvegiarrentzat izan zen. Egia da taldeak alde batera utzi duela garai bateko iluntasuna, eta horretan eragin du Hank Von Velvete betiko abeslariak taldea utzi eta Tony Duke of Nothing Silvesterrekin ordezkatzeak. Soinu jostagarrietara hurbildu dira azken garaiotan Turbonegro, taldeak betidanik izan duen estetika berezia aldatu gabe. Kontzertua hotz hasi zen, azken diskoetako material askorekin, eta Queen taldearen Bohemian Rapsody eta We will rock you abestien nahasketarekin.

Gutxinaka, agertuz joan ziren taldearen klasikoak, horien artean All my friends are dead edo Wasted again. Publikoa ordurako deathpunk ereserkiak abesteko prest zegoen, ukabilak airean jarrita Get it on kantuari erantzuteko. Atsedenaldi txiki batek azken biserako bidea eman zuen, The Age of Pamparius eta I got erection apoteosikoekin bukatzeko.

Rockaren eta punkaren historia bizia da aurtengo bigarren kartelburua. Joan Jett Azkena Rockera ekartzea ez da erraza izan. Ez da Atlantikoa maiz zeharkatzen duten musikarietako bat. The Runaways taldeko abeslari ohia Gibson gitarra gorri batekin atera zen oholtzara, The Blackhearts bandak lagunduta. Rock erakustaldia eman zuen Jettek, hasieratik, eta publikoak erantzun zion, batez ere abesti ezagunenak taularatzerakoan. Bad reputation edo I Love Rock and Roll klasiko handiak dira, baina rocka maitatzeko arrazoi askoz gehiago egon ziren, Real Wild Child abestiaren bertsioa, kasu.

Jaialdia luzatzeko modua eman zuten Joan Jettek amaitu osteko kontzertuek. Bigarren agertokian Beasts of Bourbon australiarrek blues rock boteretsu bati heldu zioten. Hirugarren agertokian, berriz, ikusle asko hurbildu ziren Carlos Vudu musikariak eta Clan Jukebox bandak prestatutako Tom Pettyren omenaldira. Urge Overkillek egin beharreko emanaldia azken orduan ordezkatu behar izan zuen antolakuntzak, eta salbatu zuten apustua. Pena bakarra da abesti horien bertsioak eta katxietan marraztuta zegoen haren irudia izango direla Petty Mendizabalatik gertuen egongo den unea, harentzat ezin egokiagoa baitzen Azkena Rock jaialdiaren espiritua.

Azken ekinaldiak ere aho gozatu ederra utzi zuen. Eskandinaviako rockaren 1990eko hamardakako olatuaren parte izan ziren Gluecifer, eta aspaldi banatuta egon ondoren, itzuli dira, besteak beste, Azkena Rockek eskatuta, The Hellacoptersekin gertatu zen modura. Oholtza nagusia menperatu zuten Glueciferrekoek, eta etenaldi luzeak ez diela zuzenekoen gosea kendu erakutsi zuten.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna