Indarkeria matxista

Haurren kontrako indarkeriaren "zigorgabetasuna" salatu dute ehunka lagunek Getxon

Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak salatu du kasuen %90 ez dela epaitzen, biktimek Justiziaren aurrean sentitzen duten babes faltaren ondorioz.

Haurren kontrako abusuen zigorgabetasuna salatzeko manifestazioa, gaur, Getxon (Bizkaia). /
Haurren kontrako abusuen zigorgabetasuna salatzeko manifestazioa, gaur, Getxon (Bizkaia). / Juanan Ruiz/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko ekainak 24

Manifestazioa Algortako Telletxe kaletik (Getxo, Bizkaia) abiatu da 13:00etan, Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez lelopean, eta Algorta etorbidea zeharkatu du. 24 elkarte feministek eta bestelako gizarte eragilek babestu dute.

Haurren Kontrako Indarkeriarik Ez plataformak ohartarazi du lau neskatiletatik batek sexu abusuak jasaten dituela 13 urte bete aurretik, eta egoera bera bizi dutela zazpi mutikotatik batek. Kasu horien %90etan, erasotzaileak familia barruko gizonezkoak direla azaldu dute.

Haurrek jasandako sexu abusuengatik aurkezten diren salaketen %90 ez dira ahozko epaiketara iristen. Plataformaren esanetan, kasu asko atxibatu egiten dira, Justiziak haurren testigantzari sinesgarritasuna ukatzeko joera duelako eta auzian parte hartzen duten profesionalek ez dutelako behar adinako formaziorik. Biktimen babesgabetasunaren ondorioz, biktimen %10ek jartzen dute soilik salaketa, plataformaren arabera.

Antolatzaileek salatu dutenez, indarkeria horren gotorleku nagusia da patriarkatuan oinarria duen familia nuklearra. Gehienetan, familia eredu hori eta bere inguruko sarea direlako errealitate isildu horren "babesleku". "Eremu pribatuan gertatzen den bortizkeria da, eta haurrek, erasoa salatzeko ahalmenik gabe ikusten dute askotan haien burua; horrexegatik, gehienek nagusi izan arte itxaroten dute kontatzeko edota, kasurik txarrenetan, ez dute inoiz kontatzen", argudiatu dute.

Aitziber Bañuelos Eraikiz kolektiboko kideak nabarmendu duenez, "hamar erasotik bederatzi ezkutuan geratzen dira". Erasoen %2 eta %10 artean soilik ezagutzen baldin badira, "zer gertatzen da gainontzeko %90 horiekin?", galdetu du. Begietako loturak kentzeko ordua dela dio.

Auzibidean diren haurrei eginiko abusu salaketak askoz urriagoak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Espainiako autonomia erkidegoetan baino. Hiru lurralde historikoetan 3,3 salaketa daude auzibidean 100.000 haurreko, eta Espainian 12,1 salaketakoa da batez besteko.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna