Ingalaterra 6-1 Panama

Gol festa batekin sartu da Ingalaterra final-zortzirenetara

Lingard, Stones (2) eta Kane (3) izan dira Ingalaterrako goleatzaileak. Baloyk sartu du gol historikoa Panamarentzat: selekzioak Munduko Kopa sarturiko lehen gola izan da.

Harriy Kane Ingalaterrko aurrelari goleatzailea, baloiarekin, Panamako atzelari bat segika duela. /
Harriy Kane Ingalaterrko aurrelari goleatzailea, baloiarekin, Panamako atzelari bat segika duela. / Franck Roichon/EFE

Berria -

2018ko ekainak 24

Ingalaterrak sailkatuko da final-zortzirenetara G taldean, Belgikarekin batera. Ligaxkako azken jardunaldian erabakiko da nor sailkatuko den lehen postuan eta nor bigarrenean, bi sailkatuek elkarren aurka jokatuko duten neurketan. Panamari 6-1 irabazita sailkatu da matematikoki Ingalaterra. Panama, berriz, txapelketatik kanporatuta gelditu da. Selekzio ertamerikarrak gol historikoa egitea lortu du, behintzat. Munduko Kopan historian egin duen lehenengo gola sartu du Baloyk.

Alde handiz nagusitu zaio Ingalaterra Panamari, eta aldea handiagoa ere izan zitekeela pentsa zitekeen lehenengo zatiaren amaieran. Izan ere, talde ingelesa 5-0 aurretik zen atsedenaldian. PArtida hasi eta gutxira, 8. minutuan, egin du lehena Stonesek, korner batean. 21.ean, penatiz egin du 2-0ekoa Kanek. Lingardek gol ederra egin du, 35. minutuan, area kanpotik. Jaurtiketa ateko eskuairan jarri du. Stonesek atezain panamarraren aldaratze bat baliatu du buruz laugarrena egiteko, 41. minutuan. Kanek 5-0ekoa penaltiz egin du lehen zatia amaitzear zela.

Bigarren zatian, apaldu egin da Ingalaterraren gol festa, baina aurkitu du seigarrena egiteko modua. Kanek neurketako bere hirugarren gola egin du, 63. minutuan, oharkabe. Loftus-Cheekek jaurtiketa indartsua egin du area kanpotik, Kanen orpoan jo du baloiak, eta ate barrura sartu da.

Panamak ezin izan du garaipena borrokatu, baina Munduko Kopan gol bat egitea lortu du, gutxienez. Baloyk 77. minutuan egin du Panamak Munduko Kopa batean sartu duen lehenengo gola.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna