Merkataritza

EBk altzairu inportazioak kontrolatzeko neurriak hartuko ditu uztailean

Bruselak eragotzi nahi du Europako merkatua inbaditzea Trumpek muga zergak indarrean jarri aurretik AEBetarako bideratuta zeuden produktu metalikoek.

Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioa, gaur eguerdian Bruselan egin duen agerraldian.
Cecilia Malmstrom EBko Merkataritza komisarioa, gaur eguerdian Bruselan egin duen agerraldian. Olivier Hoslet / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 26

Hiru fronte zabaldu ditu Europako Batasunak AEBetan atzerriko altzairuari ezarri zaizkion %25eko muga zergen aurka. Lehenik eta behin, MME Munduko Merkataritza Erakundera jo du babes eske. Bigarretik, pasa den ostiralean indarrean jarri zituen AEBetako dozenaka produktu gehiago zergapetzeko erabakia. Datorren hilabetea amaitu baino lehen iritsiko da hirugarrena: AEBetarako sarbidea trabatuta aurkitu duten altzairu edo aluminio produktuak EBra bideratzea eragotziko duten neurriak hartuko ditu.

Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Lehia komisarioak azaldu duenez, industriarekin elkarlanean ari dira aztertzen muga zergen ezarpenak batasuneko merkatuan izan dituen ondorioak. Ziur aski, urtea amaitu arte ez da ikerketa amaituko, baina horren aurretik behin behineko babes neurriak martxan jarri nahi dituzte. Funtsean, bermatu nahi dute AEBetatik at geratuko diren Txinako eta beste herrialde batzuetako produktuen inportazioak ez duela EBko merkatua gainezkatuko.

Gaur gaurkoz, ez dago inolako negoziaziorik martxan Bruselaren eta AEBetako Merkataritza idazkaritzaren artean. Trumpen administrazioak aurrera jarraitzen du autoen inportazioari buruzko ikerketarekin. Auto inportazioari muga zerga berriak jartzea ekonomiarentzako "kalte oso larria" eragin dezake. Malmstromen ustez.

AEBeko autoen %15ari zergak

Trumpen ohiko kexa da EBtik AEBetara esportatuko autoei %2,5eko zerga ezartzen zaiola, eta kontrako bidean %10 dela. Malmstromek datua xehetu nahi izan du. Haren arabera, AEBetatik inportatutako autoen %15ek soilik ordaintzen dute tasa hori, gainerakoek Europan egindako parteak dituztelako, eta, ondorioz, salbuetsita daudelako.

Industria ondasunek orokorrean dituzten muga zergak berrikustea eskaini zion Bruselak Trumpen administrazioari, beti ere altzairuari tasak igotzeko asmoa bertan behera uzten bazuen. "AEBek muga zerga handiagoak dituzte kamioietan edo kamionetetan, baina baita ere oinetakoetan edo arropan", ohartarazi du komisarioak. Guzti horri buruz akordio berri bat egiteko prest zegoen batzordea.

Nahita ere, oso zaila izango luke Europak AEBetako autoei jarritako muga zerga murriztea, alde bakarreko erabaki baten bidez. MMEko arauen arabera, halako neurriak ez badira alde biko akordio baten barruan egiten, beste herrialde guztiei ere onartu behar zaizkie. Horrek esan nahi du Txinatik edo Indiatik esportatutako autoei ere jaitsi beharko litzaiekeela. "Ez dut ikusten hori gertatzeko modurik", azpimarratu du Malmstromek.

Merkataritza libreari hesiak, gora

Komisarioak agerraldia egin du gaur Bruselan, pasa den urtean EBko esportatzaileek atzerrian aurkitu zituzten merkataritzako traba eta hesi berrien balantzea egiteko. Protekzionismoa gora doa, eta pasa den urtean 67 traba berri identifikatu zituen Malmstromen taldeak. Txinak, Errusiak, Hego Afrikak, Indiak eta Turkiak jarri zituzten gehienak. Azterketak soilik iazko datuak hartu ditu kontuan, eta, ondorioz, ez dira artean jasotzen AEBek eta Txinak merkataritza gerraren barruan hartu dituzten azken erabakiak.

Bruselak kalkulatu du 396 hesi dituztela aurrez aurre EBko enpresa esportatzaileek, eta horien eraginez urtero 23.000 milioi euro galtzen dituzte fakturazioan. Traba gehien dituzten herrialdeetatik bederatzi G20koen taldekoak dira.

Malmstromek uste du joera "kezkagarria" dela, baina datu positibo bat ere taularatu nahi izan du. Bruselaren ekinbideak 45 hesi desagerraraztea lortu zuen pasa den urtean. Ekonomiako hamahiru sektore ezberdinetan eragin dute ldaketa horiek: aeronautika, autogintza, keramika, elektronika, makineria, botikak edo elikagaiak, besteak beste. Merkatura sarbidea errazteko neurrien bidez diru sarrerak 4.800 milioi eurotan handitzea lortu dute,

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna