BERDINTASUNA

Irungo alarde parekidera ordezkaritza ofiziala bidaltzearen aurka bozkatu dute EAJk, PSEk eta PPk

Proposamenak Ahal Dugu eta EH Bilduren babesa jaso du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina ez da onartu. EAJk aurkeztutako osoko zuzenketa atera da aurrera: "Alardearen gatazka konpontzeko bitartekaritza lana" eskatzen du soilik.

Aizpea Babaze soldaduari hiriko bandera eman zion Denis Itxasok 2016ko alarde parekidean.
Aizpea Babaze soldaduari hiriko bandera eman zion Denis Itxasok 2016ko alarde parekidean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko ekainak 27

Irungo alarde parekidearen 20. urteurrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordezkaritza ofiziala bidal dezala eskatzeko mozioa adostu zuten Ahal Dugu eta EH Bildu taldeek Batzar Nagusietan. Gaur goizean eztabaidatu eta bozkatu dute proposamena, baina bi talde horien batzarkideen botoak besterik ez du jaso.

Aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP, "festa sentitzeko bi moduak" eta "sentsibilitate guztiak" onartu behar direla argudiatuta. Azkenean, 21 aldeko boto jaso ditu proposamenak, eta 27 aurkako.

EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu dio mozioari, ondoko testuarekin: "Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote jarraitzeko bitartekaritza lana egiten, Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin". Testu hori aurrera atera da, aldeko 27 botorekin.

511 sinadura, alarde mistoaren alde

Iragan astean, Irungo alarde mistoaren aldeko manifestua sinatu zuten 511 emakumek, eta hilaren 30ean, San Martzial egunarekin, Irunera joateko deia egin zuten, "alarde parekidea babesteko eta elkartasuna adierazteko". Idatzia sinatu duten andrazkoen artean, politikaren, kulturaren, kazetaritzaren eta zuzenbidearen esparruetako ordezkari ezagun ugari daude: EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte, PSEko politikari ohi Gema Zabaleta, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Arana, Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Anari musikaria, Estibaliz Ruiz de Azua kazetaria, eta Toti Martinez de Lezea eta Laura Mintegi idazleak, besteak beste.

Manifestuaren sinatzaileen arabera, jai adierazpen gehienak "garai berrietara egokitzen joan diren arren", Irunen, "itxurazko normaltasun baten atzean", bi alarde egiten dira oraindik: "Bata pribatua, tradizionala eta baztertzailea; eta bestea parekidea, zeinean emakumeek eta gizonek rol berdina daukaten".

Aurten, hogei urte beteko ditu Irungo alarde parekideak. Izan ere, 1998an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batek adierazi zuen emakumeek "oinarrizko eskubidea" zutela alarde publikoetan gizonen baldintza berberetan desfilatzeko, eta, beraz, udalek antolatutako alardeetan emakumeek aukera izan behar zutela soldadu gisa parte hartzeko. Ordurako, Irungo eta Hondarribiko alardeek eginak zituzten pribatizatzeko lehen urratsak. Hortaz, Irungo Udalak alarde publiko misto bat antolatzea erabaki zuen.

Agiriak dioenez, hogei urte baino gehiago igaro dira Irun eta Hondarribiko andreak "bestelako rol bat aldarrikatzen hasi zirenetik", eta, ordutik, "hamaika jazarpen kasu sufritu dituzte, tradizioan oinarrituta". "Gogoan ditugu emakume horiek, plastiko beltzez inguratuta, istiluen aurkako Poliziak babestuta desfilatu behar izaten zuten bitartean".

Manifestuaren sinatzaileek gogora ekarri dute, halaber, martxoaren 8ko mobilizazioek izan zuten oihartzuna: "Argi gelditu zen, alde batetik, emakumeok dugun indarra geure eskubideen alde borrokatzeko, baina bestetik, parekidetasun erreala lortzeko, bide luzea dugula aurretik". 511 sinatzaileek azpimarratu dute, halaber, alardeen auzia ez dela "tokiko arazo bat, kanpotarrek ulertu ezin dutena", eta konponbide bat ematera premiatu dituzte instituzioak: "Ezin ditugu beste bi hamarkada eman erabaki politiko baten zain". Horregatik, deia egin diete "Euskal Herriko emakume eta gizon guztiei, ekainaren 30ean Irunera joan eta alarde publikoaren alde mobiliza daitezen". Irungo alkate Antonio Santanori eta PSE alderdiari ere eskaera egin diete : "Alarde mistoaren aldeko herritarrak errespetuz trata ditzatela, eta alboratu dezatela orain arteko anbiguotasuna".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna