Euskal presoak

Hamar euskal preso baino gehiago daude larriki gaixo Espainiako kartzeletan; hiru dira 70 urtetik gorakoak

Hainbat presok gaixotasun larriak dituzte, baina ez dute haien egoera publiko egin nahi izan. Jaiki Hadiren azken txostenaren arabera, orotara, 67 dira Espainiako espetxeetan gaixo dauden euskal presoak.

Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak aske uztearen aldeko manifstazioa, Gasteizen, iazko maiatzaren 6an. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko ekainaren 27a
19:00
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak babesa eskatu dio, gaur, Espainiako Kongresuari, espetxe politika aldatu eta euskal presoak Euskal Herritik hurbilen dauden kartzeletara tokiz aldatzeko. Sanchezek kazetari talde bati azaldu dionez, Espainiako Gobernua gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hurbiltzen hasiko da.

Jaiki Hadi mediku elkarteak azken txostenean jaso duenez, 67 euskal preso dira Espainiako kartzeletan gaixo daudenak. Horietatik hamarrek egin dute publiko gaixotasun larriak dituztela, baina badira beste zortzi, anonimotasuna gorde nahi izan dutenak. Elkarteak ez du txostenean zehaztu azken horietatik zenbat dauden Espainiako espetxeetan.

Larriki gaixo daudela jakinarazi dute Espainiako kartzeletan dauden ondorengo presoek: Josetxo Arizkuren (Iruñea, 1958), Mikel Arrieta (Errenteria, Gipuzkoa, 1960), Garikoitz Arruarte (Hernani, Gipuzkoa, 1980), Jose Manuel Azkarate (Tolosa, Gipuzkoa, 1963), Joseba Borde (Ugao, Bizkaia, 1959), Jagoba Codo (Donostia, 1964), Iñaki Etxeberria (Iruñea, 1964), Gorka Fraile (Durango, Bizkaia, 1970), Jose Ramon Lopez de Abetxuko (Gasteiz, 1949) eta Mikel Otegi (Itsasondo, Gipuzkoa, 1972).

Bestalde, 70 urtetik gora dituzte Sebastian Etxanizek (Soraluze, Gipuzkoa, 1943), Joseba Arregik (Oñati, Gipuzkoa, 1946) eta Santiago Arrozpidek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1948). Beste 21 euskal preso dira 60 urte baino gehiago dituztenak eta Espainiako espetxeetan jarraitzen dutenak, Etxeraten txostenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.