Katalunia

Puigdemont eta beste 12 buruzagi independentista auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak

Auzitegiak berretsi egin du Pablo Llarena epailearen auzipetze autoa. Gorenak matxinada delitua leporatu die, eta ziurtatu du boterearen erabilera "bidegabea" egin zutela "altxamendu" bat bultzatzeko. Llarenak diputatu kargua eten ahalko die Puigdemonti eta beste sei ordezkariri.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia (ezkerrean) eta Oriol Junqueras presidenteorde ohia (eskuinean), artxiboko irudietan. /
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia (ezkerrean) eta Oriol Junqueras presidenteorde ohia (eskuinean), artxiboko irudietan. / EFE

Berria -

2018ko ekainak 27

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren eta beste 12 buruzagi independentisten kontrako auzipetzea. Pablo Llarena auzitegiko epailearen auzipetze autoa babestu du, eta baztertu egin ditu defentsak ebazpen horren kontra aurkeztutako helegiteak. Gorenaren erabakiarekin, irmoa da Llarenaren auzipetze autoa, eta, ondorioz, epaileak diputatu kargua eten ahalko die Puigdemonti eta beste sei diputatu auzipeturi.

Zehazki, behin-behinean espetxean diren Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Jordi Sanchez diputatuei eten ahalko die kargua Llarenak. Eta, horiez gain, baita erbestean diren Puigdemonti eta Antoni Comini ere, auzitegiak haien kontrako espetxeratze agindua emana baitu, legeak kargua eteteko baldintza gisa eskatzen duen bezala. Llarenak auto bat kaleratu beharko du diputatu horiei kargua eteteko, eta horretarako ez du beharrezkoa izango aldeetako batek eskaera aurkeztea.

Auzitegi Gorenak ebatzi du nahikoa arrazoi badela hamahiru auzipetuei matxinada delitua leporatzeko. Horien artean aipatu du 2017ko irailaren 20an eta urriaren 1ean indarkeria erabili zutela. Irailaren 20an, hautetsontzien eta bestelako hauteskunde materialaren konfiskazioa ekiditeko; eta, urriaren 1ean, poliziaren jarduna oztopatzeko.

Horrez gain, auzitegiak ziurtatu du ez dela gehiegizkoa Kataluniako erakundeek "altxamendu" bat bultzatu zutela defendatzea. Adierazi duenez, agintariek "bidegabe" erabili zuten "beste helburu batzuetarako" esleitu zitzaien boterea, eta "botere politiko guztiz autonomoa" eratzeko baliatu zuten, legediaren aurka.

Auztegiak ondorioztatu du epaiketan matxinada delitua leporatzeko elementu nahikorik ez balego, sedizioa egotzi beharko litzaiekeela auzipetuei, nahiz eta batean eta bestean babesten den ondare juridikoa desberdina den. Matxinada delitua Konstituzioaren kontrako delituen artean dago sailkatuta, eta sedizioa ordena publikoaren kontrakoen artean.

Auzipetuei diru erabilera bidegabearen delitua ere leporatzea ebatzi du auzitegiak. Haren esanetan, zantzu nahikoa dago urriaren 1eko erreferendumaren antolaketarako "iruzur sistema bat" eratu zela defendatzeko. Sistema horrek erreferendumera bideratu zituen aurrekontuetan beste xede batzuetarako jasotako partidak, auzitegiaren iritziz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna