Enpresak

Productos Tubulareseko 50 langile Amurriora leku aldatu nahi dituzte

Zuzendaritzak %25 jaitsi nahi dio soldata Tubos Reunidosen Trapagarango adarraren lantalde osoari.

Produktos Tubulareseko langileen batzar bat, duela bi hilabete.
Produktos Tubulareseko langileen batzar bat, duela bi hilabete. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Xabier Martin -

2018ko ekainak 27

Trumpen muga zergek muturreko egoeran jarri du Amurrioko Tubos Reunidos enpresa. Trapagarango Productor Tubulares adarrak aspaldian dauzka arazo larriak, eta zuzendaritzak neurriak hartzeko erabakia hartu zuen aspaldian, kaleratzeak barne. Erregulazio hori atzera bota ondoren, 40 eta 50 langile artean Amurrioko lantokira leku aldatu nahi ditu, orain, eta lantalde osoari soldataren %25eko jaitsiera aplikatu. Horrez gain, "lan malgultasuna" zabaldu nahi du talde osoan. Langile batzordeak dio PT "hasiera" dela, eta gero "talde osoaren bila" joango dela zuzendaritza.

Akziodunen batzarra egin du Tubos Reunidosek, gaur, Bilbon, eta han jakinarazi ditu neurri horiek guztiak martxan jartzeko asmoa duela lehenbailehen. Donald Trump AEBetako presidenteak altzairuaren inportazioei %25eko muga zergak ezartzeko erabakiak are hurbilago utzi du tutu ekoizlea amildegitik; AEBetako merkatua da Amurrioko enpresaren merkatu nagusia, eta zuzendaritzak doikuntza zorrotzetara jotzeko erabakia hartu du. Jaurlaritzak, berriz, "inplikazioa" eskaini du soluziobideak aurkitzeko.

Tubos Reunidosek bere salmenten %45 egiten ditu Trumpen herrialdean, eta tarifa protekzionista berriak kalte handia egingo dio aurrerantzean. Aurreko urtean irabazi txiki bat lortu zuen taldeak hiru urteko galeren ostean. Produktibitatea %10 igo duen barne plan bat gauzatu eta gero iritsi zen hobekuntza txiki hori, eta salmentak %60 igo zirelako, 312 milioi euroko fakturaziora arte. Salmentek igoerak ez du ekarri, ordea, irabazien hobekuntza, tutuen salneurriak behera egin duelako merkatuetan. Konpainiak 212 milioi euroko zorra pilatu du azken urteetan, hainbat inbertsio egin ondoren, eta zor horrek oso egoera zailean jarri du.

Bezeroei eskaera

Guillermo Ulazia presidenteak onartu du bezeroei tutuen prezioa %25 igotzea eskatu dietela, "beste ekoizleek egin duten moduan". Onartuko ote dute, ordea? "Ez dakit", esan du Ulaziak. "Eskaerari eragingo dio?"; ez dakiela erantzun du, kezka horren aurrean ere.

Datozen hilabeteetan argitu beharreko aldagai garrantzitsu horien zain, berriro galeretan dago Tubos Reunidos. 8,6 milioi euro galdu ditu urteko lehen hiruhilekoan, nahiz eta salmentek erritmoari eutsi dioten. Izan ere, 2017ko epe berean baino %1,2 gehiago saldu du Amurrioko enpresak, 81 milioi euro fakturatuta. Burtsan ere eroriko handia izan du lehen hiruhilekoan, baina egoera baretuta zegoen gaur arte.

Hori guztia kontuan hartuta, kaleratzeak ekarriko lituzkeen erregulazioa proposatu zuen Trapagarango PTn —diametro handiko tutuak egiten ditu, balio erantsi gutxiko produktuak—, baina hura atzera bota zuen zuzendaritzak, sei asteko grebaren ostean. Orain, berriz, leku aldatzeak mahairatu ditu Ulaziak, 40 eta 50 langile arteko kopuru batentzat; Trapagarandik Amurriora izango litzateke leku aldatzea, eta horrekin batera soldata jaitsiera handia letorke, %25ekoa. Baina kaleratzeak ez leudeke.

Amurriora joango liratekeen langileek aldi baterako kontratua duten beste behargin batzuen lekua hartuko lukete, eta zuzendaritzak sindikatuen erantzun azkarra eskatu du, hilabetea bukatu aurretik nahi baitu. Horrekin batera, Ulaziak garbi utzi du "malgutasuna" talde osoan hedatuko dela, eskaeraren arabera ekoizten hasiko baita enpresa. Stocka saihestu nahi du zuzendaritzak, zorra ez handitzeko. "Malgutasuna badago, muga zergen galerak orekatu ahal izango ditugu; ez badago, konpainiaren geroa arriskuan jarriko dugu", esan du konpainiako buruak, sindikatuentzako mezu argi batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna