Artea

Joana Vasconcelosen erakusketa Guggenheimen, bihartik aurrera

Zure ispilua naiz izenpean, artista portugaldarraren 30 obra biltzen ditu erakusketak, 1997az geroztik sortuak. Erakusketan, Joana Vasconcelosek bere ibilbidean onduriko obrarik garrantzitsuenak aurki daitezke, hala nola erakusketarako propio sortutako hiru.

jarraia153901.jpg
Peru Azpillaga Diez.
2018ko ekainaren 28a
15:01
Entzun

Zure ispilua naiz erakusketa ekainaren 29tik azaroaren 11ra bitartean egongo da ikusgai Bilboko Guggenheim museoan. Vasconcelosek bere ibilbide osoan egindako obra garrantzitsu asko egongo dira, baita erakusketarako bereziki prestaturiko beste hiru ere. “Erakusketa Joana Vasconcelosen bizitzan zehar egiten den bidaia bat da; artistak munduari buruz duen ikuskeran murgilduz eta garai guztiak zeharkatuz, oraindik egunerokotasun handia duten obra batzuk ezagutuko ditu bisitariak”, azaldu du Petra Joss erakusketako komisarioak.

Vasconcelosek obra konplexuak sortzen ditu egunerokoan ohikoak diren objektuak erabiliz: mugitu, zarata atera eta argiztatu egiten dira. Horretarako, Lisboan duen 3.000 metroko estudioa baliatzen du, baita 50 kidez osatutako kolaboratzaile taldea ere. Artista kontzeptuala da Vasconcelos, eta, objektuak moldatu gabe, irudi eta forma berriak sortzen ditu. Plastikozko mahai tresnak, etxetresna elektrikoak, telefonoak, autoak, edalontziak, tanpoiak... denetarik erabiltzen du obrak sortu eta, irudi harrigarri eta bitxien bidez, egungo gizartearen ezaugarriei kritika egiteko: kontsumismoa, globalizazioa eta emakumeen zapalkuntza dira artistaren jopuntuan dauden gai nagusiak. Dena dela, umorea presente dago beti Vasconcelosen lanetan, eta haren lanak, erreferentziaz josiak, irudi kontraesanezko eta zirikatzaile bilakatzen dira. Adibidez, Call Center (2014-2016), telefono analogikoz egindako pistola bat da, etengabe zarata ateratzen duena, komunikazioaren biolentziaren adierazgarri.

Erakusketa Vasconcelosen ibilbidean mugarri izan ziren zenbait obrarekin hasten da: Valiumez egindako ohea –Valium Ohea (1998)–, zazpi oihalez egindako Burka (2002), munduko emakume guztien zapalkuntzaren adierazgarri dena, eta Emaztea (2001-2005), tanpoiz egindako lanpara erraldoia: urrunetik ederra, eta hurbiletik bisitariak txunditzen dituena. Hiru obra horietan oso presente dago artistaren ikuskera feminista; emakumeak arlo pribatuan eta publikoan betetzen duen rola salatzen du artistak, besteak beste. Ideia hori bera jorratzen du artistak egindako obra famatuenetariko batek, Marilyn izenekoak (2011). Lapikoz egindako zapata takoidun bat da, eta Vasconcelosek berak honelaxe azaldu du: “Ni artista kontzeptuala naiz, eta, obra hori sortzeko, bi ideia nituen buruan: emakumeak etxean duen rola –lapiko baten bidez irudikatua– eta etxetik kanpo duena –zapata takoiduna–. Hala, lehenengo objektua erabiliz, bigarrena sortu nuen”.

Horretaz gain, erakusketarako bereziki egindako hiru pieza ere aurki daitezke. Zure ispilua naiz obra, erakusketari izena ematen diona, hamaika ispiluz osatutako maskara veneziarra da. Ispilu bakoitza posizio jakin batean dago, eta, beraz, aldatu egiten da begiratzeko tokiaren arabera. Gelaren erdian kokatuta, erakusketako beste pieza guztien ispilu bilakatu egiten da. Egeria obra ikaragarriak zur eta lur utziko ditu bisitariak. Guggenheimerako propioki sortua da, eta bi urte behar izan dituzte eraikitzeko. Tentakulu itxura duen walkiria bat da, landare baten antzera hazi egiten dena. Hogei eskulangilek baino gehiagok josi dute, eskuz, eta kolore, testura eta oihal andana nahasten ditu. Azkenik, Solitario lana da erakusketarako bereziki egindako hirugarren obra, eta, Pop oilarra obrarekin batera (2016), museoren kanpoko aldean dago. Solitario luxuzko autoen hagunez osatutako eraztuna da, whiski edalontziekin egindako diamante batekin koroatua; femeninoaren eta maskulinoaren estereotipoak baliatzen ditu obrak, kontraesanezko irudi bat eratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.