Hilberria

Patxi Ezkiaga idazle, irakasle eta itzultzailea hil da, 74 urte zituela

Narrazioa eta eleberria landu zituen, baina olerkigintzan nabarmendu zen batez ere. Gaixotasun baten ondorioz hil da.

Patxi Ezkiaga idazlea, 2012an egindako argazki batean.
Patxi Ezkiaga idazlea, 2012an egindako argazki batean. Jagoba Manterola/Foku

Mikel Lizarralde -

2018ko ekainak 29

Bizitzarako esperientzia bilakatu zuen Patxi Ezkiagak poesia. Poeta bizitzaren esploradorea da, izen deskriptiboa jarri zion bere testuetako bati. Eta esana praktikara eramanez eman zuen bizitza, idazketa prozesua bera bere existentziaren esperientzia bihurtuz. Argi azaldu zuen hautua: "Poesiaren arloa, bere izateko arrazoia eta zioa ez da errealitatea, existentzia baizik. Esperientziari eman nahi diot lehentasuna".  Bart hil da, 74  urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Legorretan jaio zen Ezkiaga, 1943an. Gerora, Oxford eta Cambridgeko Unibertsitateetan egin zituen literatura ikasketak, Basingstoke hiriko Dogmersfielde barnetegian. Euskal Herrira bueltatzean, Historiako lizentziatura ere egin zuen, Deustuko Unibertsitatean. Geroztik, bi ardatz nagusik norabidetu zuten Ezkiagaren ibilbidea. Didaktikarena bata, literaturarena bestea. Sarri gurutzatu ziren bide biak, bakarrean.
Irakaskuntza  ofizio egin zuen, La Salleko anai eginda eta kongregazioak Donostiako Loiolan duen ikastetxean hamarkadetan irakasle lanetan murgilduz. Hortik harago, glotodidaktika eta hizkuntzaren didaktikari buruzko ikerketak egin zituen, eta euskara ikasteko metodoak aztertu zituen. Hainbat liburutan bildu zituen irakaskuntzarako proposamenak, Txanpa Metodologia izenekoan, besteak beste.

Literaturan sortzaile oparoa izan zen, poesiaren alorrean, batik bat. Hamazazpi titulu argitaratu zituen olerkigintzaren esparruan, eta sei narratiban. Gainera, itzulpengintzan ere nabarmendu zen, eta erdal idazle askoren testuak eta liburuak ekarri zituen euskarara. Sorkuntzan, bi iturri nagusitik edan zuen Ezkiagak. Batetik, euskal poeta klasikoek izan zuten berarengan eragina, Txomin Agirrek,  Xabier Lizardik edota Bitoriano Gandiagak, kasurako. Bestetik, poeta anglosaxoien eragina jaso zuen. John Milton, William Blake, Wole Soyinka eta Alfred Tennyson izan zituen, besteak beste, erreferente nagusi. Ezkiagak berak aitortu zuen poeta haien guztien eragina, eta Gandiagaren Elorri poema liburua nabarmendu zuen. Mendatako idazleak giza esperientziaren inguruan izkiriatutako olerkien bideari jarraituko zion, geroxeago, Ezkiagak berak. Eragin horren seinale da 2003an Jaunaren supazterrean (Gaindiaga oroituz) izenez kaleratutako liburua, uzta propioko olerkiei maisuaren aipuak erantsiz.

Bibliografia oparoan, Ez izan beldur eta Zure haragi bereko tituluak dira, olerkigintzan eta narratiban, obrarik aipagarrienak. Uso bat gehiago alegien, gutunen, aipuen, poemen eta elkarrizketen bildumak ere kritika onak jaso zituen. Literaturako lanek sari asko eman zizkioten, besteak beste, Felipe Arrese Beitia saria (1984), Irun Hiria saria (1985, 1986 eta 1999), Lizardi saria (1986 eta 1987), Kritika saria (1988 eta 1997), Augustin Zubikarai saria (1998 eta 1999) eta Txomin Agirre saria (2001).

Saritan oparoa izanagatik, oihartzun handirik gabe igaro dira, publiko orokorrean, bere liburu gehienak. Jon Kortazar literatura kritikariaren ustez, testuen oinarri erlijiosoa egon daiteke harrera epelaren gibelean. Izan ere, erlijioa bilakatu zuen Ezkiagak bere testuen gai konstanteetako bat. Idazketa esperientzia gisa ulertu eta hausnarketa metafisikotara jo zuen behin eta berriro, "gizakiaren esplorazioan eta bere kontraesanetan saiatuz", Kortazarren hitzetan. Gaietatik harago, idazketa prozesura bertara eraman zuen kezka existentzialista hura. 2012an Berriari eskainitako elkarrizketan, Pirinioetako ermita batean bi astez «bakardadean bizi izandako gurtza-esperientziaz» mintzatu zen. Oteiza. Profetaren 14 hitz poema liburua idazteko baliatu zuen esperientzia hura. Azaldu zuenez, "bakardaderik handienean, horrelako egoera batean barru-barrutik zer sentitzen" zuen aztertzeko baliatu zuen poetak esperientzia hura.

Felipe Juaristik erromantizismoan kokatu zuen Ezkiagaren pentsamenduaren jatorria. Azaldu zuenez, "poeta Jainkoak edo jainkoek bilatzen duten bitartekaria baino ez da, gizakiei gauzen egia jakinarazi diezaien". Juaristiren ustez, halere, "poeta ez da bisionario hutsa. Patxi Ezkiagaren hitzetan, existentziaren esploradorea da".

Jainkoen eta gizakien arteko bitartekari ez, baina arerioen arteko artekari izateko bere burua eskaini zuen Ezkiagak orain sei urte, egunkari honi eskainitako elkarrizketan. Euskal gatazkaz ari zen, eta poetaren "zubigintza" funtzioaz. "Idazleoi ere badagokigu, ahal dugun neurrian eta apaltasun osoz, artekaritza lana egitea, gizatasun pixka bat eskainiz". Gizatasun horren bilaketa, esplorazioa, izan zen, hain zuzen ere, Ezkiagaren bizitza markatu zuen bidea. Bart eten da bide hori.

BERRIAk 2012an egin zion azken elkarrizketa Ezkiagari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna