Taldeko bortxaketa

Pasaportea egiten saiatu zen erasotzailea espetxeratu edo ez erabakitzeko saioa, hilaren 5ean

Sanferminetako taldeko sexu erasotzaileetako bat, Antonio Manuel Guerrero, pasaportea berritzen saiatu zen astelehenean, Espainiako Poliziak atzo jakinarazi zuenez. Nafarroako Auzitegiak Espainiatik irteteko debekua ezarri zion Guerrerori, aske uztea erabaki zuenean. Fiskalak preso sartu nahi du berriz, eta Nafarroako Auzitegiak Espainiako Poliziari eskatu dio "berehala" argitu diezaiola Guerrero pasaportea berritzen saiatu al zen.

Antonio Manuel Guerrero sanferminetako taldeko sexu erasoarengatik bederatzi urteko kartzelaldira zigortuetako bat, joan den astelehenean, Sevillako epaitegi batean. /
Antonio Manuel Guerrero sanferminetako taldeko sexu erasoarengatik bederatzi urteko kartzelaldira zigortuetako bat, joan den astelehenean, Sevillako epaitegi batean. / Pepo Herrera/EFE

Berria -

2018ko ekainak 29

Nafarroako Auzitegiak informazio xehetua galdegin dio Espainiako Poliziari, Guerrero guardia zibil kondenatua pasaportea berritzen saiatu zen ala ez argitu, eta, hala egin balu, eskaerari buruzko datuak biltzeko. Zehazki, auzitegiak eskatu dio "berehala" argitu diezaiola Guerrero Tabladako (Sevilla, Espainia) pasaporteak eta nortasun agiriak eskuratzeko bulegora joan al zen. Hara joan bazen, zein egunetan eta zein ordutan joan zen zehazteko eskatu dio, baita informazio hori auzitegiaren esku ez jartzeko arrazoiak zein izan diren azaltzeko ere.

Horrez gain, auzitegia Tabladako pasaporte eta nortasun agirien bulegoari zuzendu zaio, poliziari eskatutako informazio bera galdegiteko, eta Guerrero bulegora joan zela beren nagusiei jakinarazi zieten ala ez argitzeko. Poliziako buruak jakinaren gainean bazeuden, informazioa "egun berean ala geroago" jaso zuten zehazteko eskatu dio bulegoari.

Espainiako Poliziak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi zuen, atzo, Guerrero pasaportea berritzera joan zela. Fiskaltzak onartezintzat jo du, eta adierazi Guerrero preso sartu behar dela. Hori eskatzeko, auzi saioa egitea galdegin dio Nafarroako Auzitegiari. Eskaera onartu eta horretarako eguna jarri du Auzitegiak: uztailaren 5a.

Antonio Manuel Guerrero 2016ko Iruñeko sanferminetan emakume batek jasan zuen taldeko sexu erasoarengatik zigortutako bost gizonezkoetako bat da. Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri dio Nafarroako Auzitegiak —gainerako zigortuei bezala—. Ekainaren 21ean, auzitegiak aske utzi zituen erasotzaileak, behin-behinean, kautelazko hainbat neurrirekin. Horien artean, Espainiatik irteteko debekua eta astean hirutan epaitegi baten aurrean agertzeko beharra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna