Zinema

Hirokazu Kore-edaren ibilbidea aintzatetsiko du Zinemaldiaren Donostia sariak

Zuzendari japoniarra da Donostia Saria jasoko duen lehen zinemagile asiarra. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bitan lortu du Publikoaren saria.

Hirokazu Kore-eda, Donostiako Zinemaldian, 2015ean.
Hirokazu Kore-eda, Donostiako Zinemaldian, 2015ean. Juan Herrero / EFE

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko ekainak 29

Donostia 66. Zinemaldiako Donostia sariak Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrak (Tokio, 1962) zinemaren munduari egiiko ekarpena aintzatetsiko du. Kore-eda Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsu hori jasotzen duen lehen zinemagile asiarra da. Saria emateko ekitaldia Viktoria Eugenia antzokian izango da, eta, hori osatzeko, Manbiki kazoku / Shoplifters filma emango dute; Urrezko Palma irabazi zuen azken Canneseko zinema jaialdian.

Hamargarren aldiz parte hartuko du, hortaz, Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean Nochi-no-hi / The Days After (2011), eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.

Hirokazu Kore-eda 1962an jaio zen, Tokion. Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari lanetan. 1995ean, zineman debutatu zuen, Maboroshi no hikari / Maborosi filmarekin. Lehen lan horretan, Teru Miyamotoren nobela bat egokitu zuen. Ordurako, bere estiloa azaldu zuen, eta bere lanetan behin eta berriro agertu diren gaiak jorratu zituen; esaterako, familia harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi zuen Veneziako 52. zinemaldian, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu zuten azkar Kore-eda –1990eko hamarkadan, Japoniako zinemaren berrikuntza garrantzitsua egin zuten zinemagileetako bat izan zen–. Bigarren filmean —Wandafuru raifu / After Life (1998)–, fantasiazko zinema eta teknika dokumentalak batu zituen, oso modu originalean, eta bere talentua berretsi zuen Donostia Zinemaldian estreinatu eta gero. Canneseko zinemaldian, haren lan hauek eman dituzte: Distance (2001), Aum Shinrikyo sektak 1995ean egin zuen atentatuari buruzko ikerketa poetikoa, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten. Bestalde, haurren mundua arakatzen duen Dare mo shiranai / Nobody Knows (2004) filmari esker, gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen protagonistetako batek; Yagira Yuyak, hain zuzen ere.

Kore-eda gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako bat da. Hana yorimo naho / Hana (2006) filmean, zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituen; betiere, oso ikuspegi pertsonaletik, bere mezu humanistarekin generoaren konbentzioak apurtzeko. Film hori Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, bai eta Aruitemo auritemo / Still Walking ere (2008), familia harremanen emoziozko kontakizuna. Kûki ningyô / Air Doll (2009) Canneseko zinemaldiko Un Certain Regard sailean estreinatu zen, eta bira harrigarri bat izan zen haren ibilbidean; izan ere, zientzia fikziozko istorio bat kontatzen du, gizakien sentimenduak ahaztu gabe, zuzendariaren betiko kezka baitira. Azken urteetan, Kore-edak familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, memoriari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Horiek guztiak nazioarteko zinema jaialdietan estreinatu dira: Kiseki / I Wish-ekin (2011), zeinak gidoi onenaren saria lortu baitzuen Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015)¸ Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatuak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Canneseko zinemaldiko Un Certain Regard sailean aurkeztua; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, zeina Veneziako zinemaldian lehiatu baitzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna