OSASUNA

Osakidetzak 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi zituen iaz

Alarmismoa baztertuta ere, "erne jarraitzeko" galdegin du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek

Jon Darpon Osasun sailburua, artxiboko irudi batean.
Jon Darpon Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU

Berria -

2018ko ekainak 29

Osakidetzak 32,6 milioi euro bideratu zituen iaz antirretrobiralen bidez GIB infekzioak jotako 5.662 pertsonari tratamendua emateko. Hala eman du gaur aditzera Darponek, 2017an Hies eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planean egindako aurrerapenen eta bere sailak daramatzan politiken berri emateko agerraldian.

Gizarteak "alarmismoa baztertu" behar duela uste du sailburuak, baina "erne jarraitzeko" ohartarazi du, “GIBa eta sexu-transmisiozko infekzioak ez baitira iraganeko gauza. GIBa munduko arazo bat da eta, datu globalak baretzen ari diren arren, kopuruak zirraragarriak dira artean ere”.

Hies Planean jasotako datuen arabera, 2017an 133 GIB diagnostiko berri jakinarazi ziren (2016an, 158 izan ziren) eta, beraz, kasu berriren tasa 6,13koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 100.000 biztanleko, aurreko urteko 7,3ren aldean.

Infekzio berrien % 75,9 gizonei dagozkie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 36,8 urtekoa da. Darponek nabarmendu du infekzio berrien % 45,9k diagnostiko berantiarra izan zutela; alegia, immunitate-sistema dagoeneko oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren.

Alde horretatik, zehaztu du bere sailak bi puntutan egingo dituela ahaleginak: "Infekzio berriak eragoztea eta kasu berriak lehenbailehen detektatzea, GIB duten pertsonen osasun pronostikoa hobetzeko eta GIB dutela ez dakiten pertsonek oharkabean hura ez transmititzeko".

Hain zuzen, diagnostikoak aurreratzeko ahalegin horretan, Osasun sailburuak nabarmendu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazietan GIBaren 2.636 test laster egin direla 2017an. Egindako test guztietatik, 16 positiboak izan ziren (% 0,6).

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak martxan diren ekintza eta programa guztiak bultzatzen jarraitzen dute: ikastetxeetan nerabeekin, espetxeetan, droga erabiltzen duten pertsonekin, GKEekin edota farmazialarien elkargoekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna