Sanferminak

Irudi edo lelo sexistak dituen oro debekatu du Iruñeko Udalak

"Emakumeen kontrako edozein erasoren aurrean jarrera aktiboa" hartzeko eskatu die udalak herritarrei, sanferminetako bandoan.

Berria -

2018ko ekainak 29

Ugari izaten dira sanferminetan salgai daudenen artean irudi eta lelo sexistak dituzten txapa, niki eta bestelakoak. Iaz harrabotsa sortu zuen gaiak, eta aurten, galga jarri nahi du Iruñeko Udalak.

Joseba Asiron alkatearen taldeak gaur argitaratu du aurtengo jaietako bandoa, eta han, emakumeen kontrako indardarkeriarik ez egotera bideratutako neurriak ere jakinarazi ditu. Haietako bat izan da irudi eta lelo sexistak dituen materiala debekatzea. Bandoan dio, inor halakoak saltzen atzematen badute, kentzeko eskubidea dutela, eta baita behin kendutakoa gehiago ez itzultzekoa ere.

Iaz, sare sozialetan salatu zuten gisa horretako materiala.

Eraso sexistarik gabeko jaiak lortzeko "guztiek jokatu behar dute arduraz", Iruñeko Udalaren arabera, eta bide horretan hartutako neurria da debekuarena.

Sanferminetan eraso sexistarik ez dela onartuko ohartarazten du bandoak, eta halakorik ikusten badute, zigortu egingo dutela nabarmendu. Inork erasorik ikusten badu, emakumeari laguntzera eta salaketa gartzera dei egin du. "Gure hiria eta jaiak goza ditzagun, arduraz".