FUTBOLA

Frantzia, final-laurdenetara (4-3)

Frantziarrek 4-3 irabazi dio Argentinari final-zortzirenetako lehen partidan. Irabazleak gehiago izan dira, baina, hala ere, sufritu egin dute garaipena lortzea. Mbappek erakustaldia eman du. 

2018ko ekainaren 30a
22:56
Entzun

Ikusgarria izan da Frantziak eta Argentinak jokatu duten partida. Frantziarrek oso ondo ekin diote partidari, eta hamahirugarren minutuan lehen gola sartu dute. Mbappek korrikaldi bikaina egin du, eta Rojok penaltia egin dio. Epaileak penaltia adierazi du, eta Griezmannek 1-0ekoa sartu du. Erraz zebilen Frantzia, eta Argentina sufritzen ari zen. Mbappek bereak eta bi ari zen egiten.

Argentinak nekez osatzen zuen jokaldi landu bat. Gola sartzekotan, banakako jokaldi bati esker izan beharko zuen. Bada, horrela izan zen. Di Mariak sekulako zartakoa eman zion baloiari area kanpotik, eta banakoa lortu zuen 41. minutuan. Partida nola joan zen ikusita, pozik egon zitezkeen argentinarrak. Eta zer esanik ez bigarren zatia hasi eta berehala Mercadok 1-2koa lortu zuenean. Messik jaurti zuen baloia, eta atzelariak nahikoa ukitu zuen Lloris ezustean harrapatzeko. Ezer gutxi eginda, sekulako saria zuen esku artean Argentinak.

Frantzia itsu-itsuan joan zen berdinketaren bila, eta gutxi behar izan zuen helburua lortzeko. Aurretik Di Mariak egin bezala, Pavardek sekulako gola sartu zuen urrutitik. 57. minutua zen, eta bina ziren bi selekzioak. Indarrean hasi ondoren, apalduta zegoen Mbappe. Bada, orduan suspertu zen Paris Saint-Germaineko jokalari bikaina. Bost  minutu eskasean bi gol sartu zituen, eta partida ia erabakita utzi (4-2). 

25 minutu falta ziren, eta Argentinari ez zitzaion ikusten suspertzeko gaitasunik. Messi galduta zebilen berriro, eta hura gabe erdipurdiko taldea da Argentinakoa. Jokoa ez, baina bihotza dute argentinarrek, eta horri esker lortu zuten azken txanpan gora egitea. Aguerok 4-3koa lortu zuen 92. minutuan. Ia amaituta zegoen partida, baina, hala ere, azken aukera bat izan zuten argentinarrek. Ez zuten asmatu, eta hortxe amaitu zen partida. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.