'Gerezi garaia' Lucio Urtubiari buruzko komikia argitaratu dute
Lucio Urtubiaren bizitza biltzen duen eleberri grafikoa argitaratu du Txalapartak. Mikel Santos Belatz-ek egin du komikia, eta hiru denbora lerrotan osatu du kontakizuna. Gaztetako Cascanteko (Nafarroa) istorioak, Parisko ekintzak eta abenturak, eta gaur egungo gogoetak jasotzen ditu liburuak.

"Ia dena dakigu Lucio pertsonaiari buruz, baina gutxi dakigu zer-nolako pertsona den". Hala laburbildu du Mikel Santos Belatz-ek Urtubiaren inguruan egindako eleberri grafikoaren nondik norakoa. Bi urtez aritu da komikia ontzen; gidoia egiten lehenik, eta marrazkiak osatzen ondoren. "Urtubiaren biograforik onena bilakatu da", azpimarratu du Mikel Soto Txalapartako editoreak. Izan ere, ordu luzeak pasatu ditu ekintzailearekin hizketan, eta, haren istorioak ez ezik, sentimenduak eta barne mundua ere azaleratu nahi izan ditu Belatzek liburuan.
Liburuak, dokumentalak, filmak... askotariko formatuetan bildu izan da Urtubiaren bizitza, baina ekintzaileak berak bota zuen komikia egiteko proposamena: "Durangoko Azokara etorri zen bere biografiaren aurkezpenera, eta ikusi zuen bagenituela zenbait komiki. Berak ere halako euskarri batean gustura irakurriko zuela azaldu zuen", nabarmendu du Sotok. Handik gutxira proposatu zioten Belatzi liburua osatzeko, eta, komikigileak azaldu duenez, orain arte kontatu gabeak ere bildu ditu eleberrian: "Egin zuena baino gehiago, haren bizitza jasotzea izan da helburua".
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.