Katalunia

Sei preso independentista Kataluniako espetxeetan dira jada

Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart Kataluniako Brians II espetxera iritsi dira. Carme Forcadell eta Dolors Bassa, berriz, Puig de les Basses espetxera eraman dituzte.

Lledoners espetxeko sarrera, Sant Joan de Vilatorradan (Bartzelona, Herrialde Katalanak). /
Lledoners espetxeko sarrera, Sant Joan de Vilatorradan (Bartzelona, Herrialde Katalanak). / Susanna Saez/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2018ko uztailak 4

Junqueras, Romeva eta Sanchez parlamentariek eta Cuixart Omnium elkarteko presidenteak  9:00ak inguruan utzi dute Zuerako kartzela. Madrildik Zuerara lekualdatu zituzten atzo, eta han eman dute gaua. Zueratik Brians II espetxera leku aldatu dituzte, Sant Joan de Vilatorradako espetxera abiatu aurretik. Generalitateko Justizia sailak kartzela hori egokitu die lau presoen profila, beharrak eta senideekiko gertutasuna kontuan hartuta. Espetxea Bartzelonatik 50 kilometrotara dago.

Kartzelaren sarrera xingola horiz beteta agertu da, presoei elkartasuna adierazi eta haien askatasuna galdegiteko. Espetxerako bidean ere presoei zuzendutako babes mezuak idatzi dituzte.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohia, berriz, 8:30ak aldera irten dira Madrildik. eta 16:30ak aldera iritsi dira Figuereseko Puig de les Basses espetxera (Girona, Herrialde Katalanak). Guardia Zibilak eraman ditu, eta espetxe atarian babes oihuek egin dituzte zain zituzten hainbat lagunek.

Bestalde, Josep Rull, Jordi Turull eta Joaquim Forn Generalitateko kontseilari ohiek Estremerako kartzelan (Madril) jarraitzen dute, lekualdatzearen zain. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak adierazi du ez duela preso horiek Kataluniara lekualdatzeko eragozpenik, eta Espetxe Zuzendaritza Nagusiaren esku utzi zuen erabakia, atzo.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Quim Torra Kataluniakoaren arteko bilera egiteko egun gutxi falta direnean ari da gauzatzen presoen gerturatzea. Uztailaren 9an bilduko dira bi agintariak. Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko tentsioa baretzeko keinu gisa ulertu dute askok. Ez dute horrela hartu Kataluniako alderdi independentistek eta eragile subiranistek, ordea. Espainia legea betetzen besterik ez dela ari nabarmendu dute, eta presoen askatasuna galdegiteko mobilizazioak iragarri dituzte.

Arratsaldean espetxeetan izan dira hainbat politikari abertzale, tartean Roger Torren Legebiltzarreko presidentea. Gainera, martxak eta mobilizazioak egin dituzte presoek babesa azaltzeko, eta Katalunian ez ezik, giltzapetik kanpo, beren etxeetan egon behar dutela aldarrikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna