BIKTIMAK

Marlaskak balioa kendu dio Jaurlaritzaren txostenari: "Egia egia judiziala da"

Beitialarrangoitiak galdera bat egin dio Barne Ministerioari Eusko Jaurlaritzak torturari buruz egindako txosteneko datuei buruz. Hona erantzuna: "Eraiki dezakezu egia, eta, nahi baduzu, sinets dezakezu egunkarietako egia; baina ohitzen hasi zaitezte: zuzenbide estatu batean, egia egia judiziala da".

Grande-Marlaska, gaur.
Grande-Marlaska, gaur. Fernando Alvarado / EFE

Jon O. Urain -

2018ko uztailak 4

Espainiako Barne Ministerioaren lan ildo nagusiak zein izango diren azaldu du gaur Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Espainiako Kongresuan. Apenas sakondu duen euskal presoekiko espetxe politikaren arloan Madrilek dituen asmoetan, baina hizpide izan du ETA desegin osteko aroa.

Ministerioaren helburutzat aipatu ditu "justiziaren alde eta zigorgabetasunaren aurka" lan egitea, "terrorismoari zilegitasuna kentzea", Frantziako Gobernuak otsailean Espainiakoaren esku utzitako dokumentuen ikerketa bultzatzea eta indarkeriaren biktimen babesan sakontzea: "Kontakizuna eraikitzea erakundeen eta gizarte osoaren zorra da biktimekiko".

Horrez gain, jakinarazi du 29/2011 legea aldatu nahi duela, indarkeriaren biktimen eskubideak hobeto bermatzeko. Azaldu du zazpi urte dituela lege horrek, eta berrikusi beharra dagoela. Espainiako Barne Ministerioak estatuaren indarkeriaren hainbat biktimari kalte-ordainak emateari utzi zion, "ETAren inguruarekin" lotura zutela argudiatuta. Biktimen Espainiako 2011ko legearen arabera, Espainiak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012. urtearen amaieran, ordea, legea aldatu zuen Madrilek, biktimei kalte-ordainak pagatzean zenbait baldintza jarrita.

Espetxe Lege Orokorra aldatzeko asmoa ere adierazi du, Zigor Kodean eginiko moldaketak espetxe legerian txertatzeko.

Marian Beitialarrangoitiak Jaurlaritzaren txostenari buruz galdetu dio, hark jasotzen dituen 4.000 kasu baino gehiago, eta tortura "sistematikoki" erabili izanaz. Hori gezurra dela esan du Marlaskak. Txostenak esango duena esango duela, baina halakorik ez dutela esaten auzitegiek. Eta zuzenbide estatu batean, egia "egia judiziala" dela defendatu du. "Esango ditu 4.000, 5.000 edo 6.000, nahi duzuna esango duzu, baina nik ezetz esaten dituzut", erantzun dio. Egia judizial hori eraikitzeko lanean kokatu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia ere; "nire auztegia da"; baina hark ere ez dituela 4.000-5.000 tortura kasu izendatu nabarmendu du.

Ciudadanos eta PP, gogor

Miguel Angel Gutierrez Ciudadanoseko diputatua, berriz, oso gogor mintzatu da euskal presoekiko espetxe politika aldatzeko aukeraren inguruan: "Ez diguzu azaldu zein hipoteka dituen Moncloak ETAko presoei pribilegioak emateko. Kezkatuago ikusten zaituztet terroristekin biktimekin baino". Grande-Marlaskari leporatu dio bere hitzaldian Oñatin eginiko Fan Hemendik egunaz aipamenik ez egitea —"eskratxe" esan dio—, eta galdetu du: "Zer egingo duzu Espainiak utz diezaion Europan terrorismoaren gorazarre ekitaldi gehien duen herrialde izateari?". Gutierrezek azpimarratu du euskal gatazkan "zintzoak eta gaiztoak" egon zirela: "Orain presoak gerturatzen badituzue eta horrekin borroka armatua zilegitzen baduzue, herri honek sufritutakoak ez du ezertarako balio izan".

PPk ere gogor hartu du Grande-Marlaska: "Ehunka urteko zigorra duten presoak dira, damutu ez direnak, kalte-ordainak pagatu ez dituztenak eta justiziari lagundu ez diotenak argitzeke dauden auziak argitzeko. Ez dute mesederik merezi. Ez dira euskal presoak, garbiketa etnikoa praktikatu zuten hiltzaileak baizik".

Beitialarrangoitiak tortura kasuengatik kargu hartu dio, baina, presoen sakabanaketari dagokionez, Grande-Marlaskari esan dio Euskal Herriak "ziklo berri bat" zabaldu duela, "giza eskubideen urraketa guztiak atzean uzteko". Erantsi du ez duela "pribilegiorik" eskatzen: "Legea eskuan, ezerk ez du galarazten presoak gerturatzea".

Poliziaren biktimen EAEko legea, desblokeatze bidean

Bestalde, Poliziaren biktimen inguruan Eusko Legebiltzarrak 2016an onartutako legea hilabete honetan zehar desblokeatzen saiatuko dira Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen legearen zati batzuk, baina bi gobernuek prestasuna adierazi dute ados jartzeko. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria aurreneko aldiz batzartu dira, eta bileraren ostean eman du Lozak Poliziaren biktimen legean akordio bat lortzeko asmoaren berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna